BBK sariketaren finalaurrekoetan dira Ipar Uribeko bertsolari gazteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 12a, 12:52

Bizkaiko Bertsolari Gazteen Sariketen 17. edizioak herenegun burutu zuen bigarren astea, eta horrekin batera sailkapen fasea amaitu da. Orain finalaurrekoak geratzen dira, datorren astean egingo direnak, Bilboaldearen eta Lea-Artibairen artean lehena, eta Ipar Uribe eta Arratiaren artean bigarrena. Astelehenean egin zen sailkapen saioan Durangaldea izan zuten aurkari eskualdeko neska-mutilek, Durangoko institutuan, 200 ikusle sutsuren aurrean. 18 urtera bitartekoetan, Maialen Markaidak, Inazio Vidalek eta Imanol Uriak egindako lanari esker lortu zuten finalaurrekoetarako txartela Ipar Uribekoek: 16 punturen aldea atera zieten etxean jokatzen zuten Durangaldekoei. 19 eta 24 urte artekoetan lehiatutako Arrate Illarok, Itxaso Payak eta Jone Uriak puntu bategatik galdu zuten. Bi kategorien arteko puntuen batuketari esker, heldu den asteazkenean, martxoak 18, jokatuko dute finalaurrekoa Arratiaren aurka Ipar Uribeko bertsolariek. Saioa 12:15ean izango da Derioko Txorierri BHI institutuan. Martxoaren 27ko finala dute jokoan. Bilboko Kafe Antzokian izango da hori, arratsaldeko 7etatik aurrera. Argazkian, Itxaso Paya iaz Bilboaldekoen aurka galdutako finalean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun