Larunbat honetan, martxoak 14, aldi baterako turismo informazio bulegoa zabalduko du Algortako Ereaga hondartzan
Getxoko Udalak. Turismo bulegoaren egoitza nagusia zen "Azul marino" izeneko etxea otsailaren hasieran itxi zuten, egoera txarrean dagoela. Bertoko zerbitzuak Aiboako Getxo II institutua izandako eraikinera aldatu zituzten. Ereagan behin-behineko gunea zabalduz, "pertsonak artatzea eta informazioa ematea lortu nahi da haiek Getxon egonaldi atsegina izateko eta, bide batez, horiek hemen egotea Getxoko enpresentzako onuragarria izateko", udal iturriek adierazi dutenez. Bulegoa egunero egongo da zabalik eta ordutegia betikoa izango da. Neguan, astelehenetik ostiralera, 9:30etik 14:30ak arte eta 16:00etatik 19:00ak arte. Asteburuetan eta jaiegunetan 10:30etik 14:30ak arte eta 16:00etatik 20:00ak arte. Udako ordutegia, ekainaren 15tik irailaren 15 artekoa, 10:00etatik 20:00ak arte izango da. Argazkian, otsailean itxitako "Azul marino" etxea.