Larunbat honetan, martxoak 14, “Sararen istorioa” izenburuko antzerki foroa izango da Algortan, Getxoko Udalaren
Gazteria Zerbitzuak eta Baketik zentroak antolatuta. Algortako Etorbideko 108. zenbakian dagoen Trinitarias ikastetxean izango da saioa eta, horretan, bulling edo eskola jazarpena eta arrazakeria gaiak aztertuko dituzte, 17:30etik aurrera. Antzezlana 8 eta 12 urte arteko haurrei dago zuzenduta eta sarrera doakoa izango da. Udal iturriek azaldu dutenez, "antzerki mota honetako lehenengo 25 minutu inguruko zatian hautatutako gaiari buruzko istorio bat kontatzen da. Horren amaiera ezin txarragoa da. Antzezlanaren amaieran hasiko da esku-hartzearen bigarren zatia. Moderatzaileak ikusleei galdetuko die istorioan zein zatitan hasi diren gauzak okertzen eta zer gertatu behar zen istorioa amaiera zoriontsuagora bideratzeko. Orduan hasten dira ikusleak istorioan parte hartzen. Izan ere, ikuslegoa, eszenatokian bertan aktoreekin batera, istorioan gertatu beharreko aldaketak erakusten hasiko da". Argazkian, Algortako Etorbideko 68. zenbakiko Tangora etxean dago Getxoko Udaleko Gazteria Zerbitzua.