Etxez etxe ingurumenaren mesederako ohiturak sustatuko ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 12a, 18:52

Global Action Plan (GAP) egitasmoaren 4. edizioan parte hartuko du Getxoko Udalak. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) sustatu eta Eusko Jaurlaritzak Udalsarea 21 sarearen bitartez garatuta, jokaera eta ohitura iraunkorrak sustatzea da ekimenaren helburua, praktikan, ahal beste etxe eguneroko iraunkortasunarekiko konpromisoa hartzera bultzatuz, udal iturriek azaldu dutenez. Programan parte hartuko duten Getxoko bizilagunek hainbat aholku jasoko dituzte, ura eta energia eraginkortasunez erabiltzeko, erosketa iraunkorragoak egiteko eta etxean sortutako hondakin-kopurua gutxitzeko. Programaren beste helburu bat da mugikortasunaren arloan ohitura berriak sustatzea. Izena eman nahi duten getxoztarrek Internetera jo beharko dute, www.udalsarea21.net edo www.getxo.net web guneetara. Horretarako epea apirilaren 5ra arte egongo da zabalik. Parte hartzeagatik GAPek sari ederrak irabazteko aukera ematen du: besteak beste, bizikletak (martxoaren 20 baino lehen erregistratzen direnen artean), asteburuak landetxetan, Karpin Abentura Parkerako eta Madariaga Dorreko Euskadiko Bioaniztasunaren Zentrorako sarrerak zozketatuko dira. Argazkian, Keltse Eiguren Ingurumen zinegotzia beste kanpaina bat aurkezten.

Aurreko edizioetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 91 udalerrik parte hartu dute GAP ekimenean, eta 20.885 etxek eman dute izena. "Horri esker, 350 tona hondakin gutxiago sortu dira, 65 milioi litro ur gutxiago kontsumitu dira eta 5.000 tona CO2 gutxiago isuri dira", azaldu dute tokiko iturriek. Aurten, Getxorekin batera, 87 izango dira parte hartuko duten udalerriak, horien artean Erandio ere dagoela. Ingurumen Arloko zinegotzi Keltse Eigurenek adierazi duenez, “ekimen honen jomuga, laburbilduz, gure eguneroko portaera hobetzea da, uraren eta energiaren kontsumoa, garraiobideen erabilera edo erosketak egitea eta gure etxeko hondakinen gestioari dagokionez, etxean bertan egin daitezkeen hainbat ekintza errazen bitartez”.

Etxe ekologikoaren agiria

Parte-hartzaileek aholku praktikoak biltzen dituen eskuliburu bat jasoko dute etxean Interneten bidez, hilean behin, eta horietako bakoitza gai bati buruzkoa izango da: ura eta energia eraginkortasunez erabiltzea, erosketa iraunkorragoak egin, etxean sortutako hondakin-kopurua gutxitzea eta mugikortasunaren arloan ohitura berriak sustatzea, hurrenez hurren. Egitasmoak lantzen dituen lau arlo bakoitzeko ekintzak hiru astez egingo dira. Ekainaren amaieran amaituko da eta hortik aurrera kanpainaren emaitza orokorrak eskuragarri egongo dira. Orduan, beren ohiturek izandako bilakaera eta lortutako hobekuntzak aztertu ahalko dituzte herritarrek, ekimenean parte hartu aurreko eta osteko datuak alderatuz. Ebaluazioak egin eta aholku praktikoak behin betez gero, parte hartzaile bakoitzak “etxe ekologikoaren agiria” jasoko du.

Ingurumeneko zinegotziak Getxoko herritarrak ekimen honekin bat egitera deitu ditu. “Izan ere, beren laguntzarekin aldaketa klimatikoa geldiarazi, uraren eta energiaren kontsumoa gutxitu eta dirua aurreztuko dugu. Euskadik ingurumenarekiko konpromisoa sendotuko du eta, iraunkortasunari dagokionez, helduagoa izango da, oro har, gure gizartearen eta, bereziki, getxotarren onerako batez ere”, zehaztu du Eigurenek. Udalak, bestalde, 32.000 eskuorri banatuko ditu egunotan, etxez etxe, programaren gaineko zehetasunak eman eta bertan zelan parte hartu azaltzeko. Udal bulegoetan eta herriko saltoki eta ikastetxeetan kartelak ipiniko ditu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun