Getxoko Lehen Hezkuntzako 10 ikastetxetako 332 neska-mutil parte hartzen ari dira, bigarren urtez, Zabalketa gobernuz kanpoko erakundeak Getxoko Udalarekin elkarlanean sustatutako “Zabaldu mundura” egitasmoan. Ekimenaren helburua Getxo eta Afrikaren bizimoduak alderatzea da, konkretuki, Nigeriakoarekin, bertan Zabalketa lankidetzako proiektu bat eramaten ari baita aurrera. Uraren erabileraren konparaketa egitea da proiektuaren atal garrantzitsu bat. “Ikasturte honetan hainbat berrikuntza ditu programak, tartean, materiala euskaraz, gazteleraz eta ingelesez dela eta jarduera berriak egiten ditugula. Esate baterako, ur edangarria Getxora noiz eta nola heldu zen aztertzea. Azken hori ikusmin handia sortzen ari da ikasleen artean”, Pilar Oronoz Zabalketa GKEko bozeramaleak azaldu duenez. Udalak 16.700 euro eman ditu egitasmorako.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!