Bologna prozesuari buruz "oraindik ez dago ezer erabakita" EHUko errektorearen arabera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 13a, 16:41

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) titulazioak Europako Goi Mailako Hezkuntza Eremura egokitzeko prozesuan, "oraindik ez dago ezer erabakita", Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak atzo adierazitakoaren arabera. 2015erako unibertsitate estrategia (pdf) azaltzeko Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko ordezkariekin egindako agerraldian esan zuenez, "orain arte, ez da titulurik onartu, ezta baztertu ere, baina erabaki hori ez dago nire esku". Bere hitzetan, "ikasketa berriak onartu arte, urrats asko egin behar dituzte proposamenek. Lehenbizi, zentro edo fakultateetako batzordeek graduen egitura eztabaidatu eta onetsi behar dute, eta, ondoren, EHUko Gobernu Kontseiluak du titulazio horiek onartzeko edo atzera botatzeko eskumena". Errektoreak dio ez duela erabakitzeko ahalmenik, bere taldeak Gobernu Kontseiluan duen presentzia ez delako %25era heltzen, baina, irakasle batzuek diotenez, Gobernu Kontseiluak nekez onartuko du errektoretzarekin adostu ez den proposamena. Uztailean aurkeztuko dira titulu berriak. Argazkian, Gasteizko EHUko campuseko Letren fakultatean sortutako eztabaida eta gertakarien harira asteartean eman zuten prentsaurrekoa Ikasle Abertzaleek (IA) eta, bide batez, Bologna ez dela bidea adierazi zuten.

Goirizelaiak ukatu egin zuen "Bologna prozesuak unibertsitatearen merkantilizazioa" dakarrenik, eta harekin bat egin zuen Marius Rubiralta unibertsitate gaietarako Espainiako Estatu idazkariak: "Ikasketa batzuek merkaturako irteera izateak ez du esan nahi merkantilizatuta daudenik. Unibertsitateak gizartetik hurbil egon behar du; ez litzateke ulergarria izango bertatik irtendako ingeniariak lan egiteko trebatuta ez egotea", esan zuenez.

Bitartean, Gasteizko EHUko campuseko Letren Fakultatean sortutako eztabaida eta gertakarien harira, agerraldia egin zuten asteartean Ikasle Abertzaleek (IA). Euren hitzetan, beraiek 2001ean jada esana zuten, "Bologna prozesua aplikatuz gero, Filologiak eta letretako eta Giza Zientzietako beste hainbat karrera tinka larrian egongo zirela". IAk argi du, "Bolgna ez da bidea", eta horren aurka borrokan jarraituko dutela berretsi dute.

IAk zabaldutako oharra:

Bolognaren gainetik, ikasleria eraikitzera!

Azken asteotan, Gasteizko EHUko campuseko Letren fakultatean sortutako eztabaida eta ezinegonaren inguruan, Ikasle eta Abertzaleon irakurketa zabaltzeko elkartu gara gaur hemen.

Batetik, urtarrilaren 29an Tontxu Camposek ahopean hartutako erabakia salatu nahi dugu. Hezkuntza sailburu izaki, herri honek hezkuntzari eskatzen diona, eta hezkuntzak berak herri honi eman diezaiokeena gehiago baloratuko zituelakoan geunden. Baina argi dago, Camposek arrain handiek agindutakoari men egin eta Bologna prozesuak dakartzan kalteei begiratu ere egin gabe aplikatu nahi duela.

Baina egoera guzti honen gogorrena ez da Tontxuk hartutako erabakia, edo Goirizelaia errektore jaunak dekretuari eman dion onespena. Baizik eta horren atzetik etorriko den guztia. Ikasle eta Abertzaleok 2001. urtean Bologna Prozesuaren inguruan informatzen hasi ginenean eta poliki-poliki oztopo guztien gainetik, benetan gainera zetorkiguna ikusi genuenean, segituan ohartu ginen prozesu hau inposatuz gero, zehazki gertatzen ari dena gertatuko zela. Hau da, Bologna prozesua aplikatuz gero, filologiak eta letretako eta giza zientzietako beste hainbat karrera tinka larrian egongo zirela 2001. urtean esan genuen guk. Baina orduan, etorriko zen egoera haren aurka, kalera irten ginenean, borroka bat aktibatu eta gure eskubideen alde antolatu ginenean, denek jo zuten gure aurka. Orduan Letretako fakultateko dekanoa zenak ere egin zigun kontra. Gezurtero eta asmatzaile modura tratatu gintuzten. Eskatu genuen informazio bat ere ez zitzaigun eman. Zorotzat hartu gintuen jendeak. Baina urtez-urte, orain 7-8 urte zorakeria modura ikusten zirenak betetzen joan direla ikusi dugu. Errektore, dekano eta irakasleek, beste leku batera begiratu, eta goitik etorri zaiena aplikatu baino ez dute egin. Eta orain, pena ematen digu egoerak. Orain, Letretako fakultateko dekanoak dimisioa aurkeztu duenean piztu dituzue alarma gorriak. Alarma gorria jo eta jo aritu gara ikasleok azken urte guzti hauetan. Bologna prozesuak herri honi, herri honetako ikasleriari, eta beronek merezi duen jakintzari egingo dion kaltea azaltzen saiatu garenetan inork ez ditu aintzakotzat hartu gure hitzak. Bada jakin, orain eskuak burura eramaten dituzuen guzti horiek, orain 8 urtetatik esaten dihardugun moduan, hau hezkuntzaren pribatizazio, globalizazio eta elitizazioaren hasiera baino ez dela. Eta beraz, ikusi nahi ez duzuen arren, zuok Bolognistok dena ona ikusten diozuen prozesu hau, ardi azala jantzi dioten otsoa baino ez dela.

Eta gainera, ez genuke pesimista itxura eman nahi, baina errealistak izanda, ohartzen gara ez direla segurutik Filologiak izango desagerraraziko dituzten karrera bakarrak. Hau da, Ibaetan ematen diren Filosofia eta Antropologia karreretan ez al dira 30 edo 20 ikasle baino gutxiago klasean? Edo eta Soziologian? Eta Zientzia Politikoetan? Orduan, zer gertatuko da beste lizentziatura horiekin? Noiz esango zaigu, noiz onartuko dute unibertsitate honetako agintariek hau guztia?

Guk garbi daukagu. Orain dela 8 urte argi bageneukan, orain are eta argiago daukagu. Bologna ez da bidea. Jakinekoa da egungo unibertsitate sistema agortuta dagoela. Ez du funtzionatzen. Ez da eraginkorra. Ez da euskalduna. Ez da demokratikoa. Ez da parte hartzailea. Ez da izan beharko lukeena. Baina hori konpontzeko bidea, ez da eta ez da sekula izango Bologna prozesua. Are gutxiago, horren inposaketa.

Euskal Herriak, beste unibertsitate eredu bat behar du. Euskal Herriaren beharrei begira lan egingo duen unibertsitate bat. Pertsona aske eta kritikoak sortuko dituen unibertsitate bat behar dugu. Euskalduna eta demokratikoa izango dena.

Eta hori lortzeko bidean, Bologna parean jarri diguten beste oztopo bat bada ere, guk aurrera jarraituko dugu. Ezkutuan eta hitz politekin margotu nahi dituzten aldaketa horiek guztiak identifikatuko ditugu. Badakigu Letren fakultatean lau karreraren desagerpena ez dela desastre honen sintoma bakarra izango. Baina hor izango gara ikasleok. Hor aurkituko gaituzte. Derrigortasunez eta autoritarismoz aplikatzaile zuzen diren irakasleen aurrean izango gara. Disimuluz eta ahopeka aginduak ematen dituzten dekano horiek ere muturren aurrean izango gaituzte. Eta hitz politekin engainatu nahi gaituzten errektoreek ez dute erraz izango hau dena aurrera eramaten. Ez gaituzte engainatuko. Ez gaituzte isilduko.

Orain 8 urte, gaur, eta aurrerantzean ere, Bolognaren gainetik Ikasleria eraikitzera!

Guk, beste unibertsitate eredu bat!

Ikasle Abertzaleak (IA)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun