Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) atzo aurkeztu zuen jendaurrean Korrika 16, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Martxoaren 26an hasiko den euskararen aldeko aurtengo lasterketaren zehetasunak Edurne Brouard arduradunak eman zituen eragileen aurrean eta, besteak beste, Korrika 16ren helburuak azaldu zituen: batetik, kanpotarrak euskarara hurbiltzea, eta bestetik, euskara erabili behar dela azpimarratzea. Aurkezpenean, Joan Maiak zuzendu duen "Bidaia intimoak" dokumentalaren pasarte batzuk ikusteko aukera ere egon zen. Aipatu lana osorik proiektatuko dute gaur, 20:30etik aurrera, Algortako Kasinoan. Bitartean, igande honetan, hilak 15, Korrikaren aldeko diru bilketa egingo dute Erandion. Eguerdiko 12etatik aurrera, Astrabuduako Stop taberna aurrean eta Altzagako metro geltoki ondoan jarriko dituzte mahaiak. Argazkian, Edurne Brouard atzoko aurkezpenean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!