“Ikastaroek denbora igaro ahala sor daitezkeen behar desberdinei aurre egiteko baliabideak eman nahi dizkiete zaintzaileei, menpekotasun egoeran dagoen pertsona bat zaintzea eginbehar luze bihur baitaiteke”, zehaztu du Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Trebakuntza saioak menpekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten lagun ez profesionalei daude zuzenduta eta, horietan, familia bereko batek baino gehiagok hartu ahal izango du parte. Interesatuek batean edo bietan parte hartu ahal izango dute.
Ikastaroak
Lehen ikastaroaren gaia, menpekotasun egoeran daudenen zainketa, sor daitezkeen zaintze egoera ezberdinei aurre egiteko estrategiak eta baliabideak eskaintzea izango da. Horretarako, besteak beste, etxebizitza egokitzeko erarik hoberena, mugitzeko teknikak eta menpekotasun egoeran dauden lagunen baliabideak eta eskubideak ezagutzera emango dituzte. Ikastaroaren iraupena 16 ordukoa izango da, astearteetan, apirilaren 21etik ekainaren 9ra arte, 17:30etik 19:30era.
Norberaren zaintza, zaintzea zaintzeko ikastaroaren helburua, berriz, zainketari lotutako arrisku egoerak identifikatzen ikastea izango da; baita beren senideak zaintzen dituztenek beren burua zaintzeak duen garrantzia azpimarratzea ere. Horretarako, zaintze egoeren ondorio fisikoak, psikologikoak, sozialak eta sentimenduzkoak aztertuko dituzte; laguntza eskatzeko beharra agerian uzten dituzten sintomak identifikatuko dituzte eta norbera zaintzeko jarrerak sustatuko dituzte. Ikastaroaren iraupena 12 ordukoa izango da, ostegunetan, apirilaren 23tik maiatzaren 28ra bitartean, 17:30etik 19:30era.