Proiektua Irisgarritasunaren gainean indarrean dagoen araudiarekin bat dator, udal iturrien arabera, eta Arrigunaga hondartza eta Galeako pasealekua lotzea proposatzen du, oso osorik zolatuta egongo den oinezkoentzako ibiltoki baten bitartez. Ibiltoki horrek 4 metroko zabalera izango du, errota eta Bosgarrena kale arteko tartean ezik, hor egun dagoen 7,4 metro zabalerako espaloia luzatu egingo dutelako. Aixerrota kaleko galtzada-harrizko zola ere berriztatuko dute, baita luzatu ere, Arrigunaga hondartzaraino. 4 metroko zabalera izango du espaloi osoak.
Bidegorria
Halaber, ibiltokiaren parean bidegorria egingo dute Aixerrota kaleraino, eta hortaz, inguruetan dagoen bidegorria luzeago egingo dute. Horrek 3 metroko zabalera edukiko du Galea kalean, Bosgarrena paretik Aixerrota kaleko elkarguneraino. Galea kaleko tartean oinezko eta txirrindulari asko eta asko ibili ohi da, eta horregatik, bai batzuenak, bai besteenak diren guneak bereiztu egingo dituzte tarte guztietan. "Aixerrota kaleko ibiltoki tartean ibiltzea, berriz, askoz zailagoa da, oso baldintzatua dago bertatik ibiltzea, aldapa pikoa baita eta zati batzuetan oso estua baita. Hartara, txirrindulariek dute, batez ere, trabak bertatik ibiltzeko. Horregatik, tarte horretan, ez da bidegorririk izango", udal arduradunek azaldu dutenez. Hala ere, bide alternatiboa egingo dute, Getxoko Bidegorrien Plangintzan jasotzen den bezala.
Ibiltokian dauden hiri hornigarriei dagokienez, dauden eserlekuak berriztatuko dira eta larreko estilodun baranda ipiniko dute bidegorria amildegi ertzera hurbiltzen den lekuetan eta Aixerrota kaleko pasealeku tartean, aldapatsua baita. Lanak amaitzeko epea 4 hilabetekoa da.
Maiatzean hasiko dira Getxoko Arrigunaga hondartza gaineko landa eta Bosgarrena kale arteko ibiltokia hobetzeko lanak eta 1.200.000 euro inguruko kostea izango dute horiek. Obrak Espainiako Gobernuak onartutako tokiko inbertsiorako estatuko fondotik datorren diruarekin finantzatuko dira eta irailerako amaituta egon litezke. Tarte berri horren bidez, 757 metro gehituko zaizkio egungo Galeako pasealekuari, hondartza eta itsasargia lotuko dituela, 2.700 metroko ibilbidea eginez. Imanol Landa alkateak gaur eskainitako prentsaurrekoan adierazi duenez, “halaber, jarduera honek Bizkaiko Zubia Galearekin lotzea ahalbidetuko du herritarrek estimu handia dioten kostaldeko ibiltokiaren bitartez. Gure asmo nagusia Getxo, Leioako mugatik hasi eta Sopelaraino, lotzen duen 11 kilometroko itsas ibiltoki eder hori oso osorik konpondu eta txukuntzea da, getxotar guzti guztiek eta baita gure udalerria bisitatzen duten lagunek goza dezaten”. Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Joseba Arregi Hirigintza zinegotzia gaur Galean.