Itzubaltzetan zeukan egoitza joan zen astean desegindako droga trafikatzaile taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 16a, 13:35

Droga trafikoaren aurka abian jarritako ikerketa baten barruan, nazioarte mailan lan egiten zuen bederatzi trafikatzailez osatutako talde bat desegin du Ertzaintzak. Horietatik lau gizon gaizkile bandaren egoitza zen Itzubaltzeta / Romoko etxebizitza zaintzeaz arduratzen ziren, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera. Bertan, jaso eta utzi egiten zuten merkantzia banatzaileek. Talde horrek kokaina sartu, ebaki eta banatu egiten zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Droga Paraguaitik ekartzen zuten bide ezberdinak erabiliz, baina beti kokaina euren gorputzean garraiatzen zuten pertsonak, mula ezizenez ezagunak, erabilita. Atxilotuetako batek 800 gramo inguru kokaina zeramatzan urdailean 85 kapsulatan banatuta. Horietatik berrogei ezin izan zituen bere kabuz kanporatu. Hori dela eta, lehenbailehen ebakuntza egin behar izan zioten, guztiak atera ezean bere bizia arriskuan baitzegoen. Bederatzi atxilotuek epaitegian deklaratu ostean, epaileak hiru kartzelara bidali ditu. Argazkian, atzemandako kokaina kapsulak.

Kasu honen inguruko ikerketak joan den urtarrilean hasi ziren, polizia iturrien arabera. Orduan, Ertzaintzak hainbat pertsona atzeman zituen kokaina kopuru handitan saltzen. Egindako egiaztapenek nazioarte mailan lan egiten zuen sare bat zela baieztatu zuten; nazionalitate ezberdineko bederatzi pertsonek osatzen zuten taldea. Denborarekin egiaztatu zenez, trafikatzaileek mulak erabiltzen zituzten Paraguaitik zetorren kokaina Bilboraino garraiatzeko. Herrialde honetan taldekideek bertako trafikatzaileekin harremana zuten eta hauen bidez lortzen zuten hona zekarten droga. Jakin ahal izan zenez, mula bakoitzak bere gorputzean 800 gramo eta kilo bat kokaina bitartean eraman zitzakeen bidaia bakoitzeko. Droga 10 gramo ingurutako kapsula txikietan sartu eta irentsi egiten zuten. Kokaina guztia urdailean mantentzen zuten Paraguaiko hiriburutik Bilbora egiten zuten bidaia osoan zehar, hainbat aireportutan geldialdiak egiten bazituzten ere.

Egitura zehatza

Trafikatzaile sare honek egitura argi eta zehatza zeukan: Kolonbiako gizonezko bat eta Paraguaiko emakumezko bat ziren nagusiak eta hauek arduratzen ziren droga banaketa egituratzeaz. Paraguaiko beste lau gizonezko Itzubaltzeta / Romon taldeak zuen pisu bat mantentzeaz arduratzen zen; pisu honetan mulek merkantzia jaso eta utzi egiten zuten. Lau horietako bat gainera, Paraguaiko trafikatzaileekin harremanetan jartzeaz eta mula berriak lortzeaz arduratzen zen. Taldeak bestalde, droga saltzaile bat ere bazeukan. Azkenik beste bi taldekideak espainiarrak ziren eta beren lana taldeari finantzaketa ekonomikoa ematea zen.

Atxiloketak

Joan den asteazkenean, martxoak 11, aipatutako muletako bat Bizkaiko hiriburuan zegoela (gorputzean 800 gramo kokaina zekartzala iritsi berri zen Bilbora) jakin ostean, agenteek atxilotu egin zuten. Aldi berean, Itzubaltzetako pisuan bizi ziren hiru pertsonak ere atzeman zituzten, bertan lagundu ziotelako mulari gorputzean zeraman droga husten. Dena den, gizonezkoak ezin izan zuen droga guztia bere kabuz kanporatu eta horrek bere biziarentzat suposatzen zuen arriskua zela medio, osasun zentro batera eraman zuten. Han berehala ebakuntza egin zioten oraindik barruan zituen kapsula guztiak (kilo erdi kokaina inguru) ateratzeko; atera izan ez balizkiote, hil egingo zitekeen.

Ertzaintzak abian jarritako operatiboak handik gutxira droga trafikatzaile sare honen ustezko bi arduradunen (gizonezko bat eta emakumezko bat) atxiloketa eragin zuen. Egun hartan bertan atzeman zituzten. Atxiloketaren unean, mulak gorputzetik kanporatzea lortu zuen 300 gramoak saltzen ari zen bikotea. Kokaina hau taldeko droga saltzaileari ematekotan ziren. Honek, behe mailako trafikatzaileei saldu beharko zien ondoren. Bera ere atxilotu egin zuten eta azkenik taldeko azken bi kideak (espainiarrak) atzematea ere lortu zuten. Ospitalean zegoen lehen atxilotua izan ezik, beste zortzi pertsonak ostiralean jarri zituzten epailearen esku beharrezko izapideak bukatu bezain laster. Larunbat goizaldean, epailearen aurreko deklarazioak bukatu zituztenean, atxilotuetako hiru kartzelara bidali zituzten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun