Gizon bana atxilotu dituzte Itzubaltzetan eta Algortan genero indarkeria delitua egotzita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 16a, 18:49

Getxoko Udaltzaingoak bi gizonezko atxilotu zituten pasa den asteburuan, genero indarkeria delitu bana egotzita. Lehenengo atxiloketa larunbatean, martxoak 14an, jazo zen Itzubaltzeta / Romon, goizaldeko 04:50ak aldera. Bere bikotekide ohiak, J.M.R. inizialak dituen 28 urteko getxoztarrak, jipoitu egin zuela salatu zuen sei hilabetez haurdun dagoen emakume batek. Bigarren atxiloketa ere larunbatean izan zen, baina oraingoan Algortan. Goizeko 10ak inguruan, F.M.S. inizialak dituen 30 urteko gizona atzeman zuten udaltzainek, bere etxean, emazteari eraso eta heriotza mehatxuak egitea leporatuta. Atxilotutako bi gizonezkoak epailearen aurrera eraman zituzten. Argazkian, emakumeenganako indarkeriaren aurka Bilgune Feministak Algortan egindako elkarretaratzea.

Lehenengo gertaerari dagokionez, kolpatutako emakumea Itzubaltzetako taberna batean zegoen mutil batekin, laguna dena, bere bikote ohia bertan sartu zenean, neska batek lagunduta. Orduan atxilotua haiengana joan zen eta bere bikote ohiaren kontra irainak botatzen hasi zen, Getxoko Udaltzaingoak zabaldutako bertsioaren arebera. Mutilak aurre egin zion ustezko erasotzaileari eta biak borrokan hasi ziren. Tabernaren jabea mutil biak lasaitzen saiatu zen, baina atxilotuak biktima besotik hartu, kalera eraman eta jipoitzen hasi zen lurrera erori zen arte. Orduan mutila bere etxera joan zen eta neska utzi zuen kalean, bere etxeko giltzak kendu eta gero. Hori dela eta, emakumeak auzokide baten etxera joan behar izan zuen eta hortik udaltzainei deitu. Poliziek neskak hainbat kolpe eta odolbatu zituela ikusi eta gero, Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Andrak aurrekoetan ere mutilarengandik erasoak jaso zituela, baina ez zuela salatu esan zuen.

Bigarren atxiloketa ere larunbatean izan zen, hilaren 14an, 10:00etan, Algortan. Agenteek Udaltzaingoaren Koordinazio Zentrotik dei bat jaso zuten gizonezko eta andrazko baten artean eztabaida edo borroka bat zegoela esanez. Etxebizitza horretara heldu zirenean, hiru urteko ume batek zabaldu zuen atea. Bere amaz galdetuta hura non zegoen esan zien umeak, eta orduan emakumezkoa oihuka hasi zen laguntza eskatzen, udaltzainek zabaldutako bertsioaren arabera. Etxeko goiko solairuan kolpatutako emakumea topatu zuten F.M.S. inizialak dituen 30 urteko gizonezkoaren ondoan, logelaren ohe gainean jesarrita zegoela. Andrak bere senarra zela esan zuen, eraso egin zuela eta heriotza mehatxuak egin zizkiola, eta ez zela lehenengo aldia. Udaltzainek emakumeak blusa apurtuta zuela ikusi zuten. Etxebizitzan beste hirugarren pertsona bat zegoen une hartan, gertatutakoaren lekukoa izan zena.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun