Plan estrategikoa eta antolaketa diseinu berria izango dituzte Getxoko Gizarte Zerbitzuek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 16a, 19:18

Getxoko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak 9.859.755 euroko aurrekontua izango du aurten: iaz baino %6 gehiago eta 2009ko aurrekontu osoen ia %10a. Aurtengo helburuen artean plan estrategikoa eta gizarte zerbitzuen antolaketa-diseinu berria egitea dago, ziurrenera datorren apirilerako, udal iturriek aipatu dutenez. “Plana 2008ko urrian hasitako hausnarketa estrategikorako prozesuaren emaitza da, legedi berrietara eta eskaera berrietara egokitzeko helburuarekin. Izan ere, pasa den abenduan onartu ziren Gizarte Zerbitzuen eta Birgizarteratze Sozialaren lege berrietara egokitu behar izatearen ondorioa da plan estrategikoa, horiek Gizarte Zerbitzuen eguneroko beharretan beren eragina edukiko baitute”, azaldu du prentsaurrekoan Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Hori egiteko 150.000 euro erabiliko ditu Udalak. Argazkian, Algortako Urgull kaleko eraikinera aldatuko dituzte Gizarte Zerbitzuak.

Diru kopuruei dagokienez, Gizarte Ekintzara (oinarrizko lan soziala, esku-hartze plangintzetarako, arrisku egoeratan parte hartzeko, diru laguntzak, etxe etxeko laguntza zerbitzua….) 5.979.420 euro zuzenduko dituzte, “hauxe baita erabiltzaileekin harreman zuzena eskaintzen duen zerbitzua, lehenengo atea Getxoko Udaleko prestazioetarako eta baita beste erakunde batzuetarako ere”, Coriak zehaztu duenez. Aipatu diru kopurutik, 2.500.000 euro etxez etxeko laguntza zerbitzurako izango dira, iaz baino %41 gehiago; 1.683.608 euro Giza Larrialdi Laguntzetarako eta 309.000 euro gizarte eta psikosozial alorreko esku hartzeko zerbitzuetarako (%9 gehiago).

Bestalde, edadetuentzako laguntza zerbitzurako 2.080.896 euro izango dira eta 776.041 euro gizarte integraziorako (edadetuak, boluntarioak, immigrazioa…). Atal horretan sartzen dira, besteak beste, hitzarmenak eta diru laguntzak, elkarteen sarea indartzeko helburuarekin. Horretarako, 230.000 euro izango dira eta immigrazio programarako 80.000 euro. 707.524 euro zerbitzu orokorretarako izango dira, hain zuzen ere, sentiberatze kanpainak, zaintzaileei laguntzeko (lehendabiziko aldiz 25.000 euro zuzenduko dira), urte osoko txostena egiteko, beharren diagnostiko soziala… egiteko eta 315.874 euro drogamenpekotasunak prebenitzeko, bere ohiko programak mantentze aldera. Azkenik, bai Itzubaltzetako bai Getxoko Urduña mendate kaleko nagusien etxeen gestiorako 72.000 euro zuzenduko dituzte aurten.

Inbertsioak

Aurten, Gizarte Zerbitzuen Sailak 926.416 euro zuzenduko ditu Algortako Juan Bautista Zabala kalean 12 babespeko apartamendu eraikitzeko, horrela, Itzubaltzetan ez ezik, Algortan ere egitura hori eduki ahal izateko. “Hori oso garrantzitsutzat jotzen dugu, pertsona nagusien independentzia gordetzera laguntzen dutelako, erresidentziatan sartu behar ez izanik”, azaldu du Coriak. Bestalde, Gizarte Zerbitzuen egoitza Algortako Urgull kaleko eraikineko lehenengo eta bigarren solairura joateko 600.000 euroko inbertsioa izango da eta Urduña mendate kalekoa zaharberritzeko beste 200.000 euro gastatuko dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun