Leioara heldu da ONA txartela

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 16a, 20:58

Besteak beste, Berangon, Getxo udalerrian, Sopelan eta Gorlizen bezala, Leioan ere eska daiteke jada ONA izeneko erabilera anitzeko osasun txartel elektroniko berria. Agiri berriak egungo osasun txartela ordezkatzeaz gain, Osakidetzan ez ezik, udaletan, aldundietan, Eusko Jaurlaritzan, Espainiako Administrazioan eta hainbat erakunde pribatuetan ere izapideak egiteko aukera ematen du, etxetik mugitu gabe. Hori horrela, ONA 16 urtetik gorako edonork eska dezake baldin eta lehenago osasun txartel indibiduala (OTI) badauka, hau da, Osakidetzako ohiko txartela. Doan eskura daiteke oraingo OTIa eta DNIa aurkeztuz. Horretarako, osasun zentroetara; Pinueta, Txorierri, Lamiako edo Errekaldeko nagusien etxeetara; Kultur Leiora; Pinuetako udal bulego; edo Pinuetako udal bulegora jo beharko dute leioaztarrek. Argazkian, ONA txartela.

ONA zerbitzu ugari eskuratzeko atea zabaltzen duen "giltza unibertsala" da, Eneko Arruebarrena Leioako alkatearen hitzetan. Martxoaren 9tik hona, proba moduan, Errekalde eta Pinuetako nagusien etxeetan egiten ibili dira eta, emaitza ona izan dela ikusita, beste hainbat lekutara zabaldu dute ONA txartela eskatzeko aukera. Tokiko agintariak duenez, "soluzio teknologikoak biltzen ditu (sinadura elektroniko aurreratua eta ezagutua, itsasontzien jokoa, hurbiltasuneko antena, barra-kodea eta banda magnetikoa) eta, horiei esker, besteak beste, berme eta segurtasun osoz izapide digitalak egiteko aukera duzu, bai administrazioetan, bai hirugarren pribatuekin". Arruebarrenak Leioa "udalerri digitala" bilakatzeko Leoanet 21 egitasmoaren barruan ere kokatu du gaur emandako pausua. Dagoeneko komunikazio sare digitalak zabaltzeko baldintza-agiri publiko egin du tokiko erakundeak. Horretaz gain, informatika aplikazio eta software berria eskuratuko dute laster. Egitasmo horretan milioi bat euro baino gehiago gastatuko dute.

ONA txartelarekin egin daitezkeen izapideak:

Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuak:
- Osasunekoak (Osakidetza): Medikuarekin hitzordua gordetzea, mediku aldaketa eskatzea, bigarren mediku baten iritzia eskatzea, asistentzia-espedienteak eskatzea, bajen datuak eskatzea....www.osanet.net
- Orokorrak: Kontratazio-baldintzen orriak, enpresen erregistroa eta sailkapena, kolektiboentzako zerbitzuak (elektrizitate-instalatzaileak, jokoa eta ikuskizunak...) www.euskadi.net

Foru-zerbitzuak: PFEZ bideratzea, autolikidazioak, zerga aitorpen telematikoak, datu fiskalen kontsulta, iradokizunak, nire zorrak, fakturen kontsulta...

Udal zerbitzuak: Gutxi-gutxika udal zerbitzu berriak gehitzen joango dira, besteak beste, katalogoen kontsulta eta udal liburutegiko liburu maileguak, kiroldegietara sarrerak eta errolda agiriak jaso.

Bestelako izapideak: Gidabaimenaren puntuak kontsultatzea, lan-bizitza kontsultatzea, katastro-datuak kontsultatzea, banku-erakundeekin harremanetan jartzea...

Non eskatu:

Nagusien Etxeak.
- Rekalde (Errekalde plaza, 4-5-6)
- Pinueta (Lapurdi, 1)
- Lamiako (Langileria, 64)
· Txorierri (Txorierri, 81)
Pinuetako Udal Bulegoa (Lapurdi, 3)
Kultur Leioa (Jose Ramon Aketxe plaza, 11)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun