Palentziako Dueñas espetxean dituzten euskal preso politikoek eta, bereziki, Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" bere herrikideak bizi duen egoera salatu du Itzubaltzeta / Romoko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Errepresioaren kontrako erakundeak salatu duenez, "bisitari kopurua hamar lagunera murriztu zuten ekainean. Gainera, zerrenda hori abenduan amaitu zen eta oraindik ez dute berria onartu". Hori dela eta, bisitak ez ezik, aurrez aurrekoak ere galdu dituzte presoek. Gonzalo Casal itzubaltzetarrari lagunak ikusteko "eskubidea" ere kendu egin diote. Etxekoei dagokienez, presoen senide direla frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte berriro, "nahiz eta paper horiek espetxe agintarien eskuetan egon jada", AAMren hitzetan. "Horrek familiarrengan eragozpenak sortzea baino ez du helburu", salatu dutenez. Bitartean, kartzelako modulu ezberdinetako presoei ez diete elkarren artean komunikatzen uzten. Argazkian, bere urtebetetze egunean elkartasuna adierazi zioten Gonzalo Casali hainbat herrikidek.