Isolamendu egoeran dituzte Villepinte espetxeko presoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 17a, 17:01

Frantzia aldeko Villepinte espetxean dituzten euskal preso politikoak bakartze ziegetan sartu dituztela jakinarazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Askatu.org bitakoraren bitartez. Patioko denbora kentzen zietelako plantoak egiten hasi ziren eta, azkenean, joan den ostegunean, martxoak 12, "bortizkeria handiz" eraman zituzten isolamendu geletara. Bederatzi egunez bertan egoteko zigorra ezarri diete. Villepinteko euskal preso politikoen artean dago abenduaren 8an Frantziako Poliziak atxilotutako Aitor Artetxe algortarra. Argazkian, Artetxe eta Uribe Kostako beste bost lagun atxilotu zituzteneko mobilizazioa Algortan.

AAMk zabaldutako oharra:

Villepinteko espetxean, egunean 2 orduko patioa dute, 1goizez eta 1arratsaldez. Egun batetik bestera patio ordu bakoitzetik 15 minutu gutxitzen hasi zitzaizkien inolako azalpenik eman gabe.

Preso Politikoak plantoa egiten hasi ziren orduan, 15 minutu horietan patioan geldituz. Hasieran ez zuten arazorik izan. Espetxeko zuzendariarekin ere hitz egin zuten eta honek ere arrazoia ematen zien presoei.

Aurreko ostegunean (martxoak 12) ohi bezala plantoa egin zuten, dena normal joan zelarik. Baina ziegara sartu zirenean, beraien ziegako ateak irekiak zeuden (beste preso komunenak itxiak zeuden bitartean). Orduan istiluen kontrako poliziak sartu ziren eta biolentzia handiz lurrera bota esku-bilurrak jarri zizkieten bertako euskal preso politikoei, modu honetan bakartze ziegetara eraman zituztelarik.

(Aipatzekoa da preso komunak izan zuten jarrera, istiluen kontrako poliziek hauek eramaten ari zirela, preso politikoei animoak ematen eta poliziari gauzak botatzen aritu baitziren).

Honegatik 9 egunez bakartze ziegan egoteko zigorra ezarri diete azkenean. Alegia, isolamendu egoeran dituzte.

Ostegunetik bakartze ziegan daude eta adierazi dutenez oso txikiak, ilunak eta zikinak dira. Patioa berriz 5x5 metroko gela bat da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun