Ikerketak bi helburu ditu: batetik, zenbait aldagai emozional elikadura desoreken garapenean garrantzitsuak diren jakitea; eta, bestetik, dagoeneko elikadura desoreka bat duten edo horrelakorik pairatzeko arriskua duten emakumeen profil emozionala zehatzago ezagutzea. Azterketa egiteko, honako aldagai emozional hauek zehaztu ditu ikertzaileak: emozioen pertzepzio negatiboa, emozio-adierazpenekiko jarrera negatiboa, alexitimia —norberaren emozioak identifikatzeko eta hitzez adierazteko gaitasunik eza—, emozio negatiboak erregulatzeko era, eta esperientzia emozionalari dagozkion aldagaiak —emozio positiboen eta negatiboen maiztasuna, antsietatea, autoestimu baxua, eta elikadurak, pisuak eta gorputzaren itxurak gogo-aldartean duten eragina—.
Gainera, beste aldagai bat ere hartu du kontuan: kontrol-beharra. Aldagai hori ez da zorrozki emozionala, baina osagai emozional nabarmena du. Izan ere, kontrol-behar handia duten pertsonek, kontrol-falta sumatzen badute, antsietatea eta ondoeza pairatzen dituzte.
Ikerketa, emakumeetan
Azterketa egiteko, 433 emakumek hartu dute parte; horietako 143k nolabaiteko elikadura desorekaren bat dute, eta 145ek, berriz, elikadura desorekaren bat pairatzeko arriskua. Azterketaren emaitzek erakusten dute aurkeztutako aldagai gehienak, oro har, elikadura desoreken arriskua aurrez ikusteko erabil daitezkeela. Dena den, elikadura desoreka bat garatzeko arriskua hobekien erakusten dutenak hauek dira: elikadurak, pisuak eta gorputzaren itxurak pertsonaren gogo-aldartean gehiegizko eragina izatea, autoestimu baxua izatea, eta, antsietate-egoeren aurrean, emozioak ez adieraztea eta oldartsu jokatzea.
Emaitza horiek inplikazio garrantzitsuak dituzte, batez ere, elikadura desoreken prebentzio programak garatzeko orduan. Lortutako datuetan oinarrituta, baieztatu daiteke prebentzio-programetan kontuan hartu beharko liratekeela Aitziber Pascualen ikerketan aztertutako aldagai emozional asko.
Gaixotasun larriak
Elikadura desorekak gaixotasun oso larriak dira, gero eta hedatuago daude, eta ondorio garrantzitsuak dituzte pertsonen maila fisiko, psikologiko eta sozialean. Desoreka horien garapenean eragina duten faktoreak ezagutzeko hainbat ikerketa egin dira, baina ez da asko ikertu aldagai emozionalek desorekaren hasieran duten eragina. UPV/EHUn aurkeztutako tesian, gai horretan gehiago sakondu nahi izan da.