Bestalde, martxoaren 27an, ostiralarekin, “Immigrazioarekiko tolerantziaren indizea euskal gizartean” hitzaldia emango du Algortan Jose Antonio Oleaga, Ikuspegi, Immigrazioaren Euskal Behatokiko bozeramaleak. Solasaldia 19:00etan izango da, Villamonteko kultur etxean. Apirilaren 3an, 2008ko abenduan izandako World Cafe-ko ondorioen aurkezpena izango da. 60 bat lagunek parte hartu zuten "World Cafe Bizipenekin” izeneko ekimen berritzailean. Orduan 9 mahai-inguruetan immigrazioari buruz hitz egin zuten eta bertan immigrazioko zein nazioarteko arloetako ordezkariak egon ziren. Oraingo ekitaldia 19:00etan izango da Itzubaltzeta / Romoko Ibar Nagusien Etxean. Azkenik, apirilaren 4ean, larunbatean, adin guztientzako kultur arteko jaia ospatuko dute Areetako Ipotxen plazan, 18:00etatik aurrera. "Udalerrian dauden komunitateen arteko topaketetarako eta euren adierazpen artistiko eta folklorikoetarako gunea izango da", udal iturriek zehaztu dutenez. Umeentzako jarduerak, musika, dantza eta munduko janarien dastapena izango dira bertan.
Bizikidetza helburu
“Sentsibilizazio, topaketa eta iritzi jardunaldi hauekin immigrazioak udalerrian eragiten duen errealitate anitzaren alde positiboak agerian ipini nahi ditugu, aniztasun horrek kultur, hizkuntza, ohituretan eta bizitza ikusteko era desberdinetan duelako isla eta horrek, dudarik gabe, gizarte bezala aberasten gaitu” nabarmendu du gaur, jardunaldien aurkezpenean, Imanol Landa alkateak. “Beraz, errealitate hori ezagutzearen bidez, gure jatorria edozein izanda ere, gizarte getxoztarra osatzen dugun pertsona guztion arteko elkar ezagutzaren bitartez, aniztasunaren balorazio positiboa egiten dugu eta hortik hasita errespetuzko elkarbizitzarako oinarriak jar ditzakegu, xenofobia eta arrazakeri jarrerak ekiditeko”, gaineratu duenez. Jardunaldien helburuak honako hauek dira: kulturen arteko bizikidetza eta sentsibilizazioa sustatzea ekitaldi batzuen bitartez; udalerrian dauden immigranteen errealitatearen ezagutza erraztea, baita horrek dakarren aniztasun kulturalarena ere; eta azkenik, bertoko eta immigranteen arteko topaguneak sortzea, baita elkarteen arteko iritzi guneak ere.
Rosa Parks
Rosa Parks emakume beltz amerikarrak segregazio garaian autobus batean pertsona zuriei eserlekua uzteari uko egin zion. Hain zuzen, horren hausnarketa eta barne elkarrizketez dihardu osteguneko antzezlanak. Emakume hori jostuna zen eta 1955ean atxilotu zuten, baita 14 dolarreko isuna jaso ere. Heriotza mehatxu ugari jasan zituen eta azkenean lanetik kaleratu zuten. Bere atxiloketak garraio publikoen kontrako boikota eragin zuen. “Montgomeryko Garapeneko elkartea sortzea ere ekarri zuen. Horrek Martin Luther King bozeramale aukeratu zuen. Protestak 1964ean amaitu ziren arraza diskriminazioa debekatu zuen Giza Eskubideen Akordioarekin”, azaldu du Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.