Udal arduradunek, kirol taldeek jokatzen dituzten lehiaketa ofizialak laster amaituko direla baliatuko dute kaltetuta geratu ziren instalazioak konpontzeko. "Horiei esker normaltasun osoz erabili ahal izango dira", aipatu dutenez. Hain zuzen ere, konpontze eta atontze lan horiek, Fadurako estalpeko kiroldegi pista, atletismo pista eta errugbi zelaian egingo dira. Halaber, bertako batzartegi nagusia, atari aldea eta bezeroen arretarako gunea ere egokituko dituzte.
Kirol eskolak
Bestalde, Kirol Arloaren aurtengo ekitaldirako beste helburu nagusietako bat izango da udal kirol eskolak zabaltzea "erabilera gutxikoak" diren kirol modalitateetan eta, hartara, laguntza handiagoa behar dutenetan; hala nola, errugbia, hockeya eta arraunketa. Era berean, ahalegindu egingo dira, behar beste, aurtengo denboraldian sortutako futbol eskola sendotzen.
Horren haritik, Udalaren asmoa da, udaldia baino lehen, dagozkion taldeekin hitzarmenak sinatzea aipatu eskolak zabaldu ahal izateko hurrengo denboraldian. Kirol zinegotzi Alvaro Gonzalezek azaldu duenez, “eskola hauen bitartez kirolarien parte hartzea bermatu nahi dugu edozein kirol modalitatean 12 urte bete arte. Hortik aurrera kirol federaturako jauzia egin dezakete”.