Ehun urteko historia du eta denbora horretan Arenasek lorpen garrantzitsuak izan ditu, tartean Alfonso XIII Erregearen Kopa 1919 urtean eta txapelketa horretako bigarren tokia beste hiru bider, 1917, 1925 eta 1927an. Hamarkada horretako amaieran sortu zen gaur egun ezagutzen dugun Lehen Mailako Liga txapelketa. Arenas Club izan zen hamar sortzaileetako bat. Landak azpimarratu du “parke honen izendapenaren bitartez, ehun urtetik gorako gure Taldearen eta auzoaren eta bere bizilagunen bihotzaren artean dagoen lotura eta harreman indartsua islatu nahi dugula, era metaforiko batean, Arenas kirol eremutik haratago joan eta Getxoko udalerriari era hautsezinean lotuta dauden koloreekiko emozioa bizi eta sentitzeko moduaren zati bat baita”. Omenaldia, historian zehar ehun urte betetzen dituen taldea handi egitea lortu duten getxoztar gizon eta emakume guztiei eskaini nahi izan die udal agintariak, “ez bakarrik kirol lorpenengatik, gure gazteen artean kirol jardueraren berezko balioak eta kolore beltzgorriak janzteko gogoa zabaltzeagatik”.
Arenas Clubeko presidente Iñaki Zuazok, bere aldetik, Udalak, bereziki, umeen artean kirola egiteko ohitura sustatzeagatik egindako ahalegina goraipatu du. “Futbolari bikainak ateratzeaz gain, gizaseme bezala hezten lagundu behar ditugu eta egungo gizartean oso garrantzitsuak diren talde balioak buruan sartu behar dizkiegu”, nabarmendu du Zuazok. Arenas taldean egun 9 eta 18 urte arteko 310 gaztetxok entrenatzen dute.