Gehitu Kirolera egitasmoaren barruan, bi hitzaldi antolatu dituzte datorren asterako
Getxoko Udalaren Euskara Zerbitzua eta
Bizarra Lepoan euskara elkarteak. "Kirolari gazteak: nola elikatu?" izenburupean, Josean Lekue Athletic-eko medikuak hartuko du hitza astearteko saioan. Irati Anda eskalatzailea izango da gonbidatutako kirolaria. Asteazkenean, berriz, "Eskola-Kirola, lehiatzeko edo jolasteko?" du izenburu Izaskun Azpillaga Jarduera Fisikoan eta Kirol Zientzietan lizentziadunak eskainiko duen hitzaldiak. Egun Eibar futbol taldean jokatzen duen Roberto Martinez "Tiko" Athletic-eko jokalari ohia gonbidatu dute saiora. Hitzaldi biak 19:30ean izango dira Algortako Villamonte kaleko kultur etxean. Xabier Usabiaga ETBko kazetaria ibiliko da aurkezle lanetan. Argazkian, Gehitu Kirolera egitasmoaren barruan euskarazko entrenamenduak ematen ari da Koikili Lertxundi Athleticen jokalaria.