Bizkaiko Bertsolari Gazteen Sariketaren bigarren eta azken finalaurrekoan, erraz gailendu zaizkie Ipar Uribeko ordezkariak Arratia aldekoei. Derioko Txorierri BHI institutuan eguerdian jokatutako saioan, Inazio Vidalen ordez, Peio Arondok osatu du hirukotea Maialen Markaida eta Imanol Uriarekin, 18 urte bitartekoetan. 19 eta 24 urte artekoetan, berriz, Peru Vidalek hartu du Itxaso Payaren lekua, Arrate Illaro eta Jone Uriarekin batera abesteko. BBKren sariketarako ordezkari mordoa dauka Ipar Uribek eta guztiei eman nahi diete parte hartzeko aukera. Finala Lea Artibaiko bertsolari gazteen kontra jokatuko dute eskualdekoek, martxoaren 27an, ostirala, Bilboko Kafe Antzokian, iluntzeko zazpietan. Egun berean, bertso afaria izango da Algortako San Nikolas plaza ondoko txinatar jatetxean,
Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatuta. Xabi Payak eta Jon Maiak abestuko dute bertan. Afaria 20 eurotan egongo da eta
albegetxo[abildua]gmail.com e-posta helbidean egin behar da izenematea. Argazkian, Maialen Markaida aurrean eta Pello Arondo eta Arrate Illaro atzean, Olentzero batzordeak Areetan antolatutako bertso saioan.