Ikasle Abertzaleak (IA): "Bolognaren gainetik, bestelako unibertsitate eredu bat"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 19a, 17:46

Bartzelonako Unibertsitate Publikoan eta Bartzelonako hirian bertan jazotako gertakarien aurrean, honakoa adierazi nahi dugu euskal ikasle abertzale eta ezkertiarrok: batetik, ezer baino lehen, gure indar eta animo guztiak bidali nahi dizkiegu, oraindik atxilotuta jarraitzen duten hiru ikasle horiei, nola polizien borrek zauritutako ikasle guztiei ere. Gaurkoan lastimaz bete gaituzten irudiak, bai Katalunian, bai Euskal Herrian, bai eta munduko gainontzeko beste hainbat eta hainbat unibertsitatetan, ikasleek egunero-egunero bizi dugunaren isla bortitza baino ez dira. Goi-hezkuntza esparrua eraldatu, eta enpresen nahietara jarrai nahi duen Bologna Prozesua inposatzeko bidean, Unibertsitateetako agintari eta hezkuntza ministroek hautatu duten estrategia errepresiboaren ondorioak dira hauek. Ikasleon ahotsa entzuteari muzin egin, eta Bologna Prozesua inposatu nahi dute. Kosta ala kosta, aplikazioarekin jarraitu nahi dute. Eta argi ikusi daitekeen bezala, bide horretan ikasleok zapaldu behar bagaituzte, bost axola zaie mandatari guzti horiei. Urte luzeak daramatzagu Prozesu honek ekarriko dituen kalteak neurtu, eta plazaratzen. Urte asko, gure hitza entzunarazte. Urte asko bestelako unibertsitate eredu baten alde lanean. Argazkian, Leioako campusean Bolognaren aurka egindako manifestazio baten artxibo irudia.

Eta unibertsitateetako mandatariek, ez gaituzte entzun nahi. Are gehiago, poliziak kanpusetara sartuaz, ikasleok jipoituaz, atxilotuaz, ikasleok epaitegietara bidaliz, beldurtuko garelakoan daude. Isilduko gaituztela uste dute, baina jakin dezatela, ez dutela lortuko. Polizia batek, edo polizia baten borrak ez dituela gure aldarrikapenak isilduko. Bestelako unibertsitate eredu bat nahi dugu. Herritarra izango dena, eta ez unibertsitateko ateak herriari eta ikasleoi itxiko dizkiona. Demokratikoa izango dena, eta ez eztabaidarik sortu gabe, denoi eragingo diguten erabakiak inposatuko dituena. Ikasle askeak sortuko dituen unibertsitate bat nahi dugu; ikasleok, pentsatzeko, aldarrikatzeko, eraldatzeko, eraikitzeko aukera izango dugun unibertsitate bat nahi dugu eta ez pupitreetan eserita, isilik egongo diren ikasleak sortuko dituen unibertsitate bat.

Elkartasun guztia adierazi nahi diegu Bartzelonako Unibertsitate Publikoko ikasleei. Jakin dezatela beraiekin gaudela, beraien borroka gurea ere badela, eta denon artean, lortuko dugula, inposaketa hau gaindituz, bestelako unibertsitate eredu bat eraikitzea.

Ez errektoreek, ez poliziek ez eta beraien borrek ez dutelako gure nahia geratuko. Gure hitza isilaraziko.

Atzo Bartzelonan gertatutakoaren aurrean, Ikasle Abertzaleek (IA) egindako irakurketa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun