Gorka Agirreren hil kapera Sabin Etxean jarriko dute bihar

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 20a, 21:08

Gorka Agirre Arizmendi, Euzko Alderdi Jeltzaleko buruzagi historikoa, gaur goizaldeko seietan hil da, 60 urte zituela, minbiziaren aurka luze borroka egin ostean. EAJk zabaldu duenez, burukide abertzalearen hil-kapera bihar, larunbata, jarriko da jendearentzat zabalik, alderdiaren egoitza nagusian, Bilboko Sabin Etxean, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 17:00etara. Hileta elizkizuna datorren astelehenean izango da Abandoko San Bizente elizan 19:00etan. Bi hamarkadatan, EAJren nazioarteko harremanen arduradun izan da Gorka Agirre, Xabier Arzalluzek eta Josu Jon Imazek zuzendutako Euzkadi Buru Batzarrean. Azken urteotan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Grande-Marlaska epaileak auziperatu zuen ETAren finantzazio arloarekin nahastuz. Agirreren aldeko hainbat ekimen burutu ziren, tartean 6.000 sinadura baino gehiago batu zituen manifestua. Azkenean, Baltasar Garzonek bertan behera utzi zuen kasua. / Argazkia: Gorka Agirreren aldeko taldea.

1949ko martxoaren 16an jaio zen Gorka Agirre Lekube Anberesen, erbestean bizi zen familia jeltzale historiko batean. Juan Mari Agirre Zabala zuen aita, Jose Antonio Agirre Getxoko alkatea eta lehendakaria izan zenaren anaia, Euskadiko Gobernuak erbestean, Belgikan zuen ordezkaria. Juan Mari Agirre Chobil familiako enpresako gerente izan zen. Enpresa hartan aplikatu zuen lehenengo euskal lehendakariak politika ekonomiko eta sozial aurreratu hura. Hil berria den Maria Teresa Arizmendi Aiestaran zuen ama. Erbestera joan zen jaioterri zuen Oiartzun eta Donostian errepresio latza jasan ondoren; izan ere, zituen ondasun guztiak kendu zizkioten eta aita fusilatu zioten, San Kristobalen kartzelaratua egon ondoren.

Oso gazte zela egin zen Gorka Agirre EAJko militante, frankismo betean. Lovainako Unibertsitatean ekonomia zientzietan lizentziatu zen eta, berehala, lau hizkuntza zekizkienez, EAJren nazioarteko harremanen ardura hartu zuen, Nazioarteko Alderdi Demokrata-Kristauaren harira. Frankismoaren amaieran Iparraldetik aritu zen lanean, EAJ klandestinoaren lana estaltzen zuen inprimategi-argitaletxe batean, eta erbestean gobernuko kontseilu kide zen Mikel Isasiren laguntzaile lanetan ere aritu zen.

Iparraldean ezagutu zituen ETAko lehen buruzagiak eta, hainbat hamarkadatan, EAJren eta ezker abertzalearen arteko harremanen arduradun izan zen. ETAren aztertzaile aditua izanik, hainbat urtez, ezker abertzalearen bilakaerari buruzko artikuluak argitaratu zituen astero "Deia" egunkarian, "J. Txindoki" ezizena erabilita. Izen hori lagun eta lankide izan zuen Joseba Goikoetxearen, "Cabezon" bezala ere ezaguna, ezizenetik hartu zuen. EAJko militante historikoa, Ertzaintzako sarjentu nagusia eta Carlos Garaikoetxea lehendakariari entzuketa ilegalak egiteagatik kondenatua izan zen Goikoetxea. ETAk hil zuen. Gorka Agirrek lagun eta lankide zituen Goikoetxea, Montxo Doral eta Genaro Gartzia de Andoainen hilketek indarkeria negoziazioaren bidez amaitzeko apustua indartu zioten eta horri eskaini zizkion ahalegin guztiak.

Uxune Retolazarekin ezkondua eta hiru seme-alabaren aita: Usoa, Jon eta Joseba; Beste burukide historiko baten suhia zen Gorka Agirre, Luis Maria Retolaza, Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuarena eta Garaikoetxearen entzuketengatik absolbitua, hain zuzen.

Joseba Egibar eta Juan Mari Ollora burukideekin batera, emaitza gisa Lizarrako akordioa eta ETAren 1998ko su etena izan zituzten negoziazioak gidatzeko aukeratu zuen EBBk.

Xabier Arzalluz buru zuen Euzkadi Buru Batzarreko kide izendatu aurretik, Sabino Arana Fundazioa sortzeko lehenengo ahalegina egin zuen Gorka Agirrek, baina ez zen ongi atera. Jorge Oteizaren eta Nestor Basterretxearen eskulturak saltzeagatik egin zen ezagun ahalegin hura. Fundazioaren helburua euskal nazionalismoaren sortzailea jaio zen eraikinaren orubean eraikin bat eraikitzea zen. Bihar jarriko da Gorka Agirreren hil kapera Sabin Etxean EAJren egoitzan eman zitzaien azken agurra EBBko lehendakari izandako Jesus Insausti «Uzturreri» eta Joseba Goikoetxeari ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun