Agerraldian plazaratutako adierazpena:
Uribe Kostako emakumeok (eta jai batzordeetako kideok) jaietan gertatzen diren eraso sexistak ekiditeko neurriak hartzeko bildu gara.
Urtero, uda bukaeran jasotzen ditugun salaketek, gure eskualdeko herrietako jaietan eraso sexista ugari ematen direla adierazten digute: irainak, ukitzeak, bortxaketak... Honek emakumeoi beldurrez bizitzera eta jaiak eta gaua guretzako ez direla pentsatzera eramaten gaitu.
Emakumeok jaiak askatasun osoz bizi eta gozatzeko eskubidea daukagu eta horregatik ez gara etxean geratuko eta ez dugu inolako eraso sexistarik onartuko.
Dei egiten diegu emakume guztioi, eta bereziki emakume gazteei, antolatzera eta autodefentsa praktikatzera. Autodefentsa hitza erabiltzen dugunean, emakumeen arteko elkartasunaz eta borrokaz ari gara, horren adibide orain egiten ari garen hau. Autodefentsarako tresnak eskuragarri ipiniko ditugu, kasu txilibitua, alerta eta salaketa tresna modura.
Erasoak ekiditea denok ardura delako, gaurkoan Getxo, Sopela, Larrabasterra, Algorta eta Erandioko emakumeak eta jai batzordeetako kideak hurrengoa adieraztera etorri gara:
1.- Ez dugu inolako eraso sexistarik onartuko.
2.- Gure aurrean eraso sexistaren bat emanez gero, momentuan erantzuteko konpromisoa hartzen dugu.
3.- Emakumeok, gure artean elkarri babesa emateko egongo gara.
4.- Erasotzaile, ez zara ongi etorria. Eta agertzekotan zure erasoek erantzuna izango dute.