Bihar bertan, "Las otras victimas" izenburuko bideo-foruma egingo dute Josu Murueta kultur areto astrabuduarrean, 19:00etatik aurrera. Ekitaldian parte hartuko dute Martxoaren 3ko Biktimen Elkarte gasteiztarreko hainbat kidek. Etzi, berriz, "Hacer memoria. Hacer justicia" izeneko hitzaldia eskainiko du Ahaztuak elkarteak, 19:00etan, Erandioko udaletxeko etxabeetan. Bitartean, Ekologistak Martxan taldeak ere babesa adierazi die LABek eta Ahaztuak elkarteak antolatutako ekitaldiei. Bere aldetik, "500 ejemplos de no violencia. Otra forma de contar la historia" liburuaren aurkezpena antolatu du talde ekologistak, Anton Fernandez eta Jose Muruetari gorazarre egiteko asmoz. Solasaldia ostegunean, hilak 29, izango da Bilboko Ekoetxean (Pilota kalea, 5), 19:30etik aurrera, liburuaren egile Sabino Ormazabal bertan izango dela.
Erandioko gertakizunak
Oraindik ere, Erandio, Euskal Herrian airerik kutsatuena duten hamar herrien artean dago. Baina hori ez da albiste berria erandioztarrentzat. Izan ere, 50 urte baino gehiago dira Erandiok kutsadura atmosferikoa sufritzen duela. Erandion, 60eko hamarkadan, kaleetan ezin zitekeen arnasarik ere hartu, bertokoek aipatzen dutenez. Fabrikaz inguratuta zegoen udalerria. Egoera horrek bultzatuta, herri mobilizazio indartsuak sortu ziren, 1969ko udazkenean amaituko ziren mobilizazioak, hain zuzen ere. Urte horretan, urriaren 28ko gauean, auzokideek errepide nagusia eta trenbidea moztu zituzten. Polizia armatuak tiroka agertu ziren eta Anton Fernandez hil zuten, lehiotik begira zegoela. Manolo Castrillo eta beste lagun bi ere tiroz zauritu zituzten. Hurrengo eguneko eguerdian, ehunaka erandioztar batu ziren plazan, aurreko eguneko istiluengatik protesta egiteko. Adin guztietako herritarrak batu ziren, baita fabriketako beharginak ere. Mobilizazio horretan hil zuten Josu Murueta gaztea tiroz eta zauritu ugari egon zen.
Etorkizuna eraiki
Gertaera lazgarri horien 40. urteurrenean, Erandioko herritar guztiekin batera "etorkizuna eraiki" nahi dute LAB sindikatuak eta Ahaztuak elkarteak, "iragana ahaztu gabe". Eskumaldeko LABeko kide Iratxe Azkuek adierazi duenez, "ezin ditugu ahaztu sasoi hartako borroka eredugarriak eta, orduko aldarrikapenak geureganatuz, bizitza duina garatu ahal izateko ingurumenean hainbesteko kaltea eragiten duen produkzio sistema kapitalistaren eta egungo bizi eredu kontsumistaren ondorioak borrokatu behar ditugu".
Erandiokoa "borroka eredugarritzat" daukate, "herri mobilizazio parte hartzailea izan zelako, euskal mugimendu ekologistaren oinarriak jarri zituelako, langileek protagonismoa hartu zutelako bat-bateko lanuzte orokorrak deituta, errepresioaren aurrean erantzun tinkoa eman zutelako herritarrek, jendartean borrokaren kontzientzia sustatu zutelako, besteak beste". Bereziki, emakumeen borroka horretan jokatutako papera azpimarratu du Azkuek, bere hitzetan, "beraiek izan baitziren seme-alabak eskolatik irteterakoan borroka honen aitzindari".