Hezkuntzako ikasle, irakasle, langile eta eragileen oharra:
Pasa den abenduaren 16an Leioako kanpusean hezkuntza munduko ikasle, irakasle eta langileok espainiar eta frantziar espetxeetan sakabanatuta dauden 700dik gora euskal preso politikoek bizi duten egoera gordina salatu genuen urtarrilaren 3rako Bilbon deitutako manifestazioarekin bat eginez.
Preso politikoen egoerak, baina, larria izaten jarraitzen du. Espetxeetan, beraien aurka mantentzen duten espetxe politika krudela dela-eta, preso politikoen giza eskubideen ukazioa eguneroko ogia da. Aspaldian euskal preso politikoei begira hartzen diren neurriek, bi gobernuek preso politikoak pertsona bezala suntsitzeko politikarekin aurrera jarraitzen dutela gogorarazten digute, biziarteko espetxe zigorra eta gaixo larriei ezarritako heriotza zigorra honen adibiderik lazgarrienak izanik.
Preso politikoei nahiz sakabanaketa krudelaren bidez euren senide eta lagunei aplikatzen zaizkien neurri hauek eteteko, herritarren inplikazioa eta lana ezinbestekoa da hiru aldarrikapen nagusi oinarritzat hartuz:
- Biziarteko zigorrik ez!
- Heriotza zigorrik ez!
- Euskal presoak Euskal Herrira!
Bide honetan, datorren martxoaren 25ean, hilabeteko Azken Asteazkenarekin bat eginez, hezkuntza munduko ikasle, irakasle eta langileok Euskal Herriko kanpus eta fakultate desberdinetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.