Getxon Bizi auzo elkarteak joan den ostiralean zabaldutako oharra:
Lanak gelditzeko, URA agentziak uztailaren 20an emaniko aginduaren ondoren, Getxoko Udalak Arrigunagako zelaiak eta Bosgarrena kalearen arteko pasealekuaren proiektuaren lanekin aurrera egiten zuela ikusita, Getxon Bizi auzo elkarteak uztailaren 30ean aurkeztu zion URAri, emaniko agindua betearazteko idatzizko eskaera.
Auzo elkarte honek abuztuaren 4an prentsa ohar bidez adierazi zuen bezala, gure idatzizko eskaeraren ondoren, Udalak lanen zati bat geldiarazi zuen, obra osoa geldiarazteko agindua izan arren. Lanek uda osoan zehar jarraitu dute Aixerrota parean eta jada bukatutzat eman daitezke proiektuaren zati horri dagozkion lanak. Kostaldearen gune hau zaindu eta babesteko eskumena duen URA agentziaren agindua ez du bete Getxoko Udalak eta URA agentziak ez du egoera zuzentzeko eta agindua betearazteko ezer egin. Egindako lanetan porlanez bete da itsaslabarraren ondoko 100 bat metroko luzera eta 3 metroko zabalera duen eremua eta Aixerrota parean hainbeste hurbildu dute porlanezko zorua amildegira, ingurua are gehiago kaltetuko eta desitxuratuko duen baranda jarri beharko dutela.
Ingurumen Ministerioaren EAEko Itsasertz Mugapeak abuztuan eginiko txosten teknikoan eta ondoren Jaurlaritzaren URA agentziak eginikoan oinarrituta, irailaren 18an proiektuari baldintzak ezartzen dizkion ebazpena sinatu zuen URAren zuzendari nagusiak.
Lanei berrekin aurretik (lanak geldituta baleude bezala dago idatzita aipatu ebazpena), proiektua zenbait baldintzetara egokitzea, proiektuaren aldaketak URAri ezagutaraztea eta agentziaren azken onespena jasotzea eskatzen du irailaren 18ko ebazpenak, baina aste honetan bertan espedientean baieztatu ahal izan dugunez, Getxoko Udalak ez dio URAri proiektuaren inolako aldaketarik ezta egokitzapenik aurkeztu eta Bosgarrena kalea eta Aixerrota arteko zatia bukatzeaz gain, Arrigunagako zelaietara jaisten den zatian urriaren hasieran berrekin zieten lanei.
Egun hauetan Uraren gomendio eta baldintzak bete gabe ari dira burutzen Aixerrota eta Arrigunaga arteko aipatu lanak eta ingurumenari kaltea eragiteaz gain, amildegiaren parez pare eta babesik gabe ari dira aurrera eta atzera lanetako ibilgailuak eta langileak.
Getxoko Udala eskumenduna den URA agentziaren baimenik gabe uztailetik hasita eta etenik gabe ari da Arrigunaga eta Aixerrotako pasealekuaren lanak egiten. Lau hilabete hauetan gure kostaldean atzeraezinak izango diren kalteak eragiten ari dira eta ustez itsaslabarrak zaintzeaz eta babesteaz arduratzen diren erakundeak, Ministerioko EAEko Itsasertz Mugapea eta Jaurlaritzaren URA agentzia euren bulegoetan daude ordenagailuei begira. Sinesgarritasun maila minimoari eutsi nahi badiote, emandako aginduak eta idatziz jasotako baldintzak lehenbailehen betearazi beharko dituzte!