Txirrindulariek kaskoa eramaten duten zainduko dute Getxo eta Leioako udaltzainek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 23a, 16:51

Apirilaren 5era bitartean, moto, ziklomotore eta bizikleten zirkulazioa zaintzen ibiliko dira Ertzaintza eta hainbat herrietako Udaltzaingoak, tartean Getxo eta Leioa daudela, ibilgailu horiek jasaten dituzten istripu kopurua eta harrapaketak jaisteko asmoz. Esan bezala, kanpaina horretan lehen aldiz hartuko da kontutan bizikleten zirkulazioa. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailaren arabera, "garrantzi handia emango zaio Zirkulazioko Araudi Orokorrak ibilgailu hauen inguruan jasotzen dituen arauei, batez ere, kaskoaren erabilerari dagokionean". Hala egiten ez dutenei araudiak dioena gogoraraziko zaie. Hala ere, ez dute isunei buruz ezertxo ere aipatu. Bitartean, asteburu honetan, lagun bana atxilotu dute Erandion, Sopelan eta Plentzian, edari alkoholdunen eraginpean gidatzea egotzita. Argazkian, Getxoko udaltzain bat motor gainean.

Datozen hamabost egunetan, martxoaren 23tik apirilaren 5era, Ertzaintzak eta Udaltzaingoek moto, ziklomotore eta bizikleten kontrol kanpaina berezi bat martxan jarriko dute. 2009ko Euskadiko Trafikoaren Segurtasunerako Planaren barruan nahitaezkotzat jotzen da ibilgailu hauek izaten dituzten istripuen aurka borrokatzea. Oinarrizko neurriak betetzea, kaskoaren erabilera, dokumentazioaren kontrola eta zaratak aztertuko da batez ere kanpainan zehar. Herrizaingo Sailak abiaduraren eta moto eta ziklomotoreetan izan ohi diren beste ohitura txar batzuen aurrean kontzientziazio ekimenekin jarraituko du. Ertzaintzaz aparte, Donostia, Gasteiz, Bilbo, Basauri, Eibar, Getxo, Irun edo Leioako Udaltzaingoek ere parte hartuko dute aipatutako kanpainan, "ibilgailu mota hauek gehienbat hiri-bideetan zehar ibiltzen baitira", Herrizaingo Sailaren iturrien arabera.

Moto, ziklomotore eta bizikletek jasaten dituzten istripu kopuruaren eta harrapaketen jaitsiera lortzea nahitaezko xedea da 2009ko urte honetan Herrizaingo Sailaren menpe dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasun Batzordearentzat. Urte osoan zehar zainketa sakona aurrera eramaten bada ere, datozen hamabost egunotan egingo denak kontrol kopurua areagotuko du segurtasun mailan erabiltzaileek egiten dituzten akatsak eta arau-urraketak zuzentzeko asmoz. Bereziki kaskoaren erabilera, dokumentazioa (baimenak, IAT azterketak, aseguruak) eguneratua izatea eta zaraten inguruko arauak errespetatzea zainduko da.

Bizikletentzako araudia

Zirkulazioko Araudi Orokorraren III. kapituluak (gidarien arau orokorrak) hirugarren sekzioko 36. artikuluan jasotzen duenaren arabera, "bizikleta eta ziklomotoreek, ibilgailu hauentzat bereziki egokituta ez dagoen bidea ez izatekotan, eskuineko espaloitik ibiliko dira ibiltzeko modukoa eta behar bezain zabala izatekotan, eta hala ez balitz, beharrezkoa duten errepideko zatia erabiliko dute.

Bihurgune asko dituen aldapa beheretan, segurtasun arrazoiek ahalbidetzen dutenean, bizikleta gidariak espaloia utzi eta errepidearen eskuinaldetik ibili ahal izango dira (nahitaezkoa duten espazioa erabiliz).

Bizikletek elkarren ondoan zirkulatzeko aukera izango dute beti ere, bikoteka doazenean eta errepideko eskuineko bazterretik ahalik eta hurbilen joanda. Ikuspena ona ez den egoeretan edo trafikoa areagotzeko arriskua eragiten dutenean, ilaran jarri beharko dira.

Autobideetan espaloitik baino ezingo dute zirkulatu eta ezingo dute inoiz errepidea zapaldu".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun