Gizonezko bat atxilotu dute Getxoko adingabeko neska batekin Internet bidez geratu eta sexu erasoa egitea egotzita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 23a, 17:22

Getxoko ertzain etxeko agenteek egindako ikerketak 23 urteko gizonezko bat atxilotzea ahalbidetu zuen iragan ostiralean, martxoak 20, 14 urteko neskato bati sexu erasoa egin izana leporatuta. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, atxilotua berehalako mezularitza programa baten bidez jarri zen harremanetan biktimarekin. Ondoren, neskatoarekin geratu zen aurrez aurre ikusteko, eta sexu erasoa egin zion, polizia iturrien hitzetan. Ertzaintzak antzeko gertakari gehiago jazo direla ohartarazi du, biktimen beldurra dela-eta salatzen ez direnak. Azken hilabeteotan, Getxoko Ertzaintzak beste bi kasu ikertu ditu, non 11 eta 13 urteko bi adingabe Internet bidez ezezagunekin harremanetan jarri eta, ondoren, aurrez aurre ikusteko geratu ziren. Argazkian, emakumeenganako indarkeriaren aurka Bilgune Feministak Algortan egindako elkarretaratzea.

Oraingo gertakariak martxoaren 6an hasi ziren, 14 urteko adingabe batek ustezko sexu eraso bat jasan zuela salatu zuenean, Getxoko ertzain-etxean. Salaketan jasotzen zenez, erasoa iragan urteko abenduan izan zen Getxon. Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, biktimak egun batzuk lehenago eta Internet bidez ezagutu zuen ustezko erasotzailea; berehalako mezularitza programa baten bidez, alegia. Biktimak elkarrizketak izan zituen gazte ezezagun horrekin, eta aurrez aurre ikusteko geratu ziren. Orduan, 23 urteko gizonezkoak sexu abusua eta erasoa egin ei zion adingabeari. Biktimak gertatutakoa hainbat hilabetez isilpean mantendu zuen bere familiaren aurrean, hainbat arrazoirengatik, eta, azkenean, martxoan 6an, gertatutakoaren berri eman zion Ertzaintzari.

Aurrekariak

Ikerketa egin ostean, Ertzaintzak ondorioztatu zuen erasoa gertatu zela, eta egilea berehalako mezularitza programa baten bidez jarri zela harremanetan biktimarekin eta neskato horren beste lagun batzuekin. Ikerketaz arduratutako agenteek jakin ahal izan zutenez, sexu erasoaren egilea hil batzuk lehenago ere salatu zuten, Internet bidez ezagutu zuen beste neskato batekin zihoan gazte bati eraso eta lesioak eragitea egotzita.

Azkenik, ikerketei esker jakin zuten sexu erasotzaileak Bilboko mintzalekuak erabiltzen zituela neska adingabeekin harremanetan jartzeko. Iragan ostiralean, hilak 20, Bilboko mintzaleku bat jagoten ari ziren ertzainek 23 urteko gizonezko bat identifikatu eta atxilotu zuten, adingabe bati egindako sexu erasoa delitua egotzita. Egun berean, eta epaileren esku egon ostean, atxilotua Basauriko kartzelan espetxerako agindua eman zuen epaileak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun