Jon Iturregi, Asier Pomposo, Janire Sanchez, Alana Rawlins, Karen Burgos, Leire Alberdi, Alberto Gonzalez, Ana Garamendi, Laura Alcalde, Ainhoa Zamorano, Koro Euba, Belen Lugaresaresti eta Sofia de la Peñak kudeatuko dituzte aurten Getxo udalerriko hainbat lekutan kokatu diren 15 Gazte Informazio Guneak (GIG). Aurreko urteetan jarritako panelei beste bi gehitu zaizkie aurten: bata, Algortako kultur etxean, Villamonten; eta bestea, Getxoko Andra Mari kiroldegian. Azken hori, estalkia berritzeko lanak bukatu eta gero ipiniko dute, udal iturriek zehaztu dutenez. Paneletan gaika erakusten da informazioa (lana, lanerako prestakuntza, bekak eta sariak, aisialdia, gazteentzako iragarkiak…). Aukeratutako neska-mutilek astero joan beharko dute Gazte Bulegora, dagozkien informazioa jasotzera eta, hurrengo egunean, euren paneletan ordenatuta ipini eta zahartuta geratu diren informazioak kendu beharko dituzte. Lan horren truke bekak jasoko dituzte, 445 eta 665 euro bitartekoak. Argazkian, gazte informaziorako panelak kudeatuko dituzten neska-mutilak.