Goizeko 11:30ean hasi zen lehen lasterketa, txikienen lasterketa, neskak eta mutilak batera, zirkuituaren 630 metroko zatia eginez. Denera 89 umek parte hartu zuten. Krosa Algortako erdigunetik egin zen: Basagoiti etorbidetik, Etxeandia apezpikuaren kaleraino; handik Artibai eta Gazteluzarra kaleetatik Gobelena eta Abasota kaleetara; eta hortik aurrera berriro ere Basagoiti Etorbidera. "Horri esker, beren beregi lasterketa ikustera joandako lagunez gain, beste asko begira gertatzen dira, kalez kale beren eginkizunak betetzen ari direnean (paseatu, mezatara joan, erosketak egitera irten…)", Itxartukoek aipatu dutenez.
Opari eta sariak
Ohiturari jarraituz, korrikalari txikien lasterketetan, haur mailakoetaraino alegia, ez da sailkapenik egoten eta guzti-guztiei oparitxoa ematen zaie. Kadeteen mailatik aurrera, ordea, garaikurrak (ikusi irabazleen zerrenda) banatzen dira. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, "oso ona" izan zen opari eta sari banaketa eta aurreko zein ondorengo giroa. "Korrikalariek eta laguntzaileek oso pozik zeuden antolatzaileekin eta hauek oso eskertuta zeuden babesleekin", azaldu dutenez. Hemendik bi urtetara kros horrek bere zilarrezko estaiak ospatuko ditu. "Oso herrikoia izan da orain arte eta bere 25. urtean ere halaxe izaten jarraitu nahi du, baina ospakizunak beti ospakizun, zerbait berezia antolatu behar dugula uste dugu", gaineratu dutenez.