Erandioko Korrika Batzordeak antolatutako afarira joan nahi dutenek bihar, asteazkena, izango dute txartela erosteko azken eguna. Altzagako La Plaza, Astrabuduako Egoki eta Primera Linea; eta Erandio Landako ohiko tabernetan daude salgai horiek. Larunbatean, martxoak 28, Altzaga ikastolan, arrain zopa, ahuntza eta tarta izango dira dastagarri, 20 eurotan. Horretaz gain, giro ederra, zozketak, musika, dantzak... egongo direla iragarri dute. Bitartean, ostegun honetan, hilak 26, Erandion ere ospatuko dute Korrikaren hasiera. Etzirako Kantagunea antolatu dute, 19:30ean Altzagako La Plaza tabernatik abiatuta. Korrikaren petoa jantzita eramatea ere eskatu dute. Hala ere, ez daukanak bertan izango du erosteko aukera. Bestela, aurreko urtetakoa eraman daitekeela aipatu dute. Argazkian, orain bi urte ere kantu kantari ibili ziren Erandion, euskararen aldeko lasterketaren etorrera ospatzeko.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!