Algortako Amnistia tabernan 80 lagun inguruk harrera beroa egin diote Ibai Egurrolari. Lagunak agurtu, loreak eskaini, aurreskua, bertso bat eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren eta bertan zeuden guztien izenean batek agurtu ondoren, kartzelatik atera berri den gazteak berak eskerrak eman dizkie bertan zeuden guztiei eta bera eta etxekoak lagundu dituztenei. Barruan gelditu direnak gogorarazi ditu, eta aipatu du atzo goizean Algortakoa ere den Joseba Elorriagarekin gimnasia egin eta arratsaldera arte ez zuela izan kaleratzeko abisua. Irtetea ere "gogorra" egin zaiola esan du eta denak animatu zituen aurrera segitzeko. Gero, tabernako argazkia kendu, brindisa egin eta Amets Ladislaoren zain gelditu da lagunekin batera.
Ordu bete geroago
Amets Ladislao ordu bat beranduago edo iritsi da, bere bila joandako etxekoen eta lagunekin batera. Ordurako ehun bat lagun bilduta zeuden tabernaren atarian bere zain, Leioako lagunak Guti etxean utzi eta bertara joan dira-eta. Egurrola eta Ladislao biak batera izateak are hunkigarriago egin du berari eskainitako harrera beroa. Lagunak agurtu eta Ibairekin egindako zeremonia guztia errepikatu da, baina kasu honetan, Ametsen pozerako, Ibaik berak eman dizkio loreak. Gero aurreskua, bertsoa, eta agurraren ostean, neskak ere eskerrak eman dizkie bertan bildutakoei, presoak gogorarazi ditu eta "horiek guztiak kaleratzeko lan handia egin beharko dugula" esan eta jendea animatu du lanean jarraitzeko. Argazkia kendu, brindisa egin eta poza eta algaren artean pixkana-pixkanaka jendea erretiratzen joan da…
Entzun (mp3) Kurkudi tabernan Gutiri eskainitako bertsoak, Koska irratiak hartutakoak.