Gazte martxarako deialdia zabalduz doa eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 25a, 14:59

Euskal Herriko gazte independentistek Gazte Martxa egingo dute apirilaren 10etik 12ra, "Lotu independentziara!" lelopean. Egunotan, martxa aurkezten dabiltza eskualdeko hainbat herritan. Horrela, ostiral honetan aurkezpenak egingo dituzte Itzubaltzeta / Romon, Algortan eta Getxon. Algortari dagokionez, arratsaldeko 7etan martxaren aldeko gazte argazkia egingo dute, Txiki eta Otaegi plazan. Ondorengo ekitaldiak, aurkezpena bera eta bertso afaria, Getxoko Txorimalo gaztetxean egingo dute 21:00etatik aurrera. Sarrerak ohiko lekuetan eros daitezke. Antzeko plana dute Itzubaltzeta / Romon ere. 20:30ean, kalejira musikatua egingo dute Kolas plazatik irtenda. Ordu bat beranduago aurkezpen ekitaldiari eta ekitaldi politikari ekingo diete Itzubaltzeta gaztetxean, jarraian Iratxe Ibarrak eta Ibon Ajuriak abestutako bertso afariaz gozatzeko. Kalejiraren hasierarekin batera "Independentzia!" lelodun kamiseta gorriak banatuko dira bertaratutakoen artean borondatearen truk, eta bertso afariaren prezioa aldiz 7 eurotakoa izango da. Era berean, gaur azken eguna da Gazte Martxa'09ren hamar lagunentzako bonoak erosteko. Hamar laguneko taldeak eginda, bono banak 32 eurotako prezioa dauka, gazteek jakinarazi dutenez. Gaurtik aurrera, berriz, 35 eurotan egongo da salgai bonoa. Azkenik, Amaiaurreraino joateko eta Garazitik bueltan etortzeko autobusa ere antolatu dute itzubaltzetarrek. Horren prezioa 3 eurotakoa izango da. Aurretik, besteak beste, Plentzian eta Erandion (argazkian) aurkeztu dute Gazte Martxa.

Baina aste honetan ezezik aurrekoetan ere lan sendoa egin dute Gazte Independentistek. Herriz herri "Independentziaren aldeko dinamika" garatu dute, "independentziaren alde gazte olatua sortu" helburu. "Gure herria zapaldu eta ukatzen duten guztiak aurretik eramango dituen olatu gorria", hazten doala, martxoaren 13an bertso triki poteoa egin zuten Erandioko Altzaga auzoan 30 bat lagunek, motxilez, botez, herriko presoen irudiez eta "independentzia!" lelodun elastiko gorriez hornituta, etorriko zaiena irudikatuz. Martxak zeharkatuko dituen herrien gaineko informazioa zabaldu zuten prosaz eta bertsoz. Ekimenaren bideoa ikusi, martxaren nondik norakoak azaldu eta egitarauaren berri fresko-freskoa eskaini zuten erandioztarrek.

Egun horretako audioak hemen entzun daitezke.

Berriz, Erandioko argazkiak hemen ikus daitezke.

Plentzia ere martxan

Plentziako gazte independentistek Independentziara lotuz, Gazte martxara joateko deialdia zabaldu zuten martxoaren 21an. Plentziako portuan martxaren nondik norakoaz eta gaur egungo une politikoa dela eta, bertan parte hartzearen garrantziaz mintzatu ziren. Bertaratutako 20 gazte inguruk lunchaz eta kantautorez gozatu ahal izan zuten.

Plentziako Gazte Independentistek irakurritako komunikatua

Herri bat dugu osatzen; Zuberoa, Araba, Lapurdi, Nafarroa, Bizkaia, Nafarroa Behera eta Gipuzkoa. Europako herri zaharrena hain zuzen ere, hizkuntza, kultura, ohitura eta izaera berezia izan eta garatu duena , nazio bezala bere etorkizuna erabakitzeko eskubide osoa izanez. Baina 2009ko euskal gazteria hiru administrazio arrotzetan zatiturik zapaldua jarraitzen du munduan horrenbeste gose eta miseria sortzen duen sistema kapitalistaren bi katebegi besterik ez diren estatu espainiar eta frantziarraren esku, eta euren akolito lana egiten duten Iruñeko eta Gasteizko gobernuek.

Nork erabaki du herri honetan Abiadura Handiko Txikizioa eragingo duen negozioaren trena eraikitzea? Nork erabaki du paperean etxebizitza eskubidea dena diruzale gutxi batzuen negoziorako ondasun izatea? Nork erabaki du hezkuntza sistemak herri honek behar dituen pertsonak hezi ordez diruzalekeriaren makinaria elikatuko duten erremintak sortuko dituela? Ez al da horien eredu patriarkala indarkeria matxista eragiten duena? Ez al da euren zapalkuntza euskara heriotzara kondenatzen duena? Nor ari da euren krisia langileriaren bizkar jartzen? Zerbitzu publikoak desegiten, Lan Erregulazio Espedienteen (LEE) bidez langileak kaleratzen enpresariek irabazirik gal ez dezaten...

Eredu horren irauteko aldaketaren bidean antolatzen den ororen aurkako errepresio bortitza darabilte agintari denek. Ipar Euskal Herrian indartzen ari den mugimendu abertzalea kriminalizatuz (ostatuen auzia, gazteriaren aurkako operazioak, Batasunaren kriminalizazioa...) eta herriaren mesedera eraikitako Euskal Herriko Laborantza Ganbara bezalako proiektuak eteten saiatzen.

Hego Euskal Herrian zapalkuntza eta zatiketa egoera honetatik erabakia euskal herritarren esku jarriko duen eskenatoki berriaren alde antolatzen eta borrokatzen duen ezker abertzaleari gerra deklaratuz (ilegalizazioak, torturak, razzia, politikoak...); UPN eta PNV bezalako esaneko besaulkizale eta diruzaleekin estatutu eta amejoramendu berriak hitzartzen dituzten bitartean. Eta zazpi euskal herrialdeetan eredu zapaltzaile honen aurrean hamaika borroka ezberdinetan antolatzen garen eta borrokatzen dugun gazteon aurkako presio polizial etengabea mantenduz (espazio askeen hustuketak, Poliziaren mehatxuak, jarraipenak, isunak...)

Elkarrekin ari gara itotzen gaituen sistema kapitalistaren aurka borrokan. Etsaia handia da: bi estatu, hiru administrazio, hamaika diruzale eta besaulkizale, gezurti koadrilek osaturiko hedabide toxikatzaileak, milaka polizia, espetxe, irakasle itxurako diktadore frustratuak... Baina alternatiba bor-bor ageri da. Milaka gara egungo zapalkuntza, zatiketa eta ukapena onartzeko prest ez egon eta herriz herri hamaika borroketan antolatzen garenak, borrokatzen dugunak. Batean ala bestean, eredu berri baten alde, Euskal Herri berri baten alde ari gara borrokan. Sistema beraren aurka ari gara borrokan, eman dezagun urrats bat gehiago eta elkartu gaitezen alternatiba beraren alde, lotu gaitezen Independentziara!

Euskal herritarron askatasuna indarkeriaz lapurtua izan zen lekua da Amaiur,bukaera izan zen toki berean ia 500 urte ondoren abiatuko gara gu sasizko mugak gainditzera eta euskal herri berria eraikitzera.Gaztelu zaharra defendatu zuten zaldunak sortu ziren enbor beretik sortu garelako eta belaunaldiz belaunaldi konpromisoaren bidean dena eman dutenen eredua jarraituz; egungo ustelkeria, zatiketa, euskararen heriotzarako kondena, etxebizitza eskubidearen ukapena, hezkuntzaren merkantilizazioa eta sistema kapitalista eta frantziar eta espainiar inperialismoaren menpeko egoera honen ondorioak sufritu eta aldatu nahi dituzten guztiei egiten diegu deialdia. Inperialismoaren eta kapitalismoaren kate guztietatik aske bizi nahi duten gazteei deialdia apirilaren 10, 11 eta 12an izango den Gazte Martxan parte hartzeko.

Plentziako argazkiak hemen ikus daitezke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun