Getxoko Udalaren Bozeramaileek Batzordeak "terrorismoaren biktimak" omentzeko hitzarmena adostu berri du. Hasteko, ostiral honetako udal batzarrean, adierazpen instituzionala (pdf) onartuko dute aho batez EAJk, PPk, PSE-EEk eta Ezker Batuak. Bestalde, udalerriko leku esanguratsu eta publiko batean oroigarria jarriko dute aurtengo azken hiruhilekoan eta urtero izango da omenaldi ekitaldia. Hala eta guztiz ere, lehenengo eta behin jakin nahi dute zer deritzoten ekimenari biktimen senitartekoek. 1970 urteaz geroztik, ETAk Getxo udalerrian egindako atentatuetan edo getxoztarrak izanik herritik kanpo hildako 15 pertsonez osaturiko zerrendarekin lanean ari dira udal agintariak. Horretaz gain, astelehen honetan 24 urte, GALek Donibane Lohizunen erail zuen Xabier Galdeano algortarra omentzeko asmoa daukate. Zerrenda horretan ez dituzte aintzat hartu, besteak beste, 1973an poliziarekin izandako tiroketan Algortan zauritu eta Basurtun hildako Eustakio Mendizabal "Txikia"; urte berean, Itzubaltzeta / Romon Iberdueroren aurkako bonba jartzen ari zirela zendutako Amezketako Jon Etxeberria Sagastume “Beltza” eta Laudioko Jon Pagazaurtundua Isusi “Pagaza”; Baionan hil zen Aitor Elortza Unanue iheslari politiko algortarra; edota, erbestean, Venezuelan bizia galdu zuen Luis Maria Zuluaga "Zulu" errefuxiatua, Itzubaltzetan tabernari izandakoa. Argazkian, alderdi guzti horietako bozeramaileez gain, Eusko Jaurlaritzaren Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzako buru Maixabel Lasak lagunduta egin du agerraldia Imanol Landa alkateak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!