Harrera beroak eskaini dizkiete Iker Rodrigo, Eli Zubiaga eta Arantxa Urkaregiri

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 26a, 15:49
D3Mren aurkako operazioan, urtarrilaren 23an Espainiako Poliziak atxilotutako zortzi lagunak espetxetik irten ziren atzo eta herenegun. Eskualdeari dagokionez, Iker Rodrigo Erandion eta Itzubaltzeta / Romon hartu zuten. Eli Zubiagari harrera egin zioten Algortan eta Leioa eta Erandioko campuseko irakaslea den Arantxa Urkaregi Bilboko Zazpi Kaleetan jaso zuen bere auzokideen berotasuna. Guztiak aske daude 6.000 euroko fidantza ordaindu ostean. Jone Goirizelaia abokatuak Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan (mp3) kaleratze autoak zortziak "lan politikoa" egiteagatik espetxeratu zituztela frogatzen duela dio. Rodrigo 20:20ak aldera heldu zen Erandioko Altzaga auzoko Hegoalde herriko tabernara, bertan 110 bat senide, lagun eta auzokide zituela. Lehenengo besarkada eta musuen ostean, aurreskua dantzatu eta lore sorta eskaini zioten lutxanarrari. Ondoren, ezker abertzaleko kideek ongi etorria (mp3) eman zioten eta Ikerrek bere argazkia batu eta oparitu zuen. Ekitaldia amaitzeko, xanpainaz ospatu zuten unea. Argazkian, Iker Rodrigo Erandion atzo Hegoalde tabernan. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
21:30ak aldera heldu zen Iker Rodrigo Itzubaltzeta / Romora, lutxanarra adoptatu duen herrira. Branka herriko tabernaren aurrean, "Buru handi"ri harrera egiteko zain zeuden 120 bat lagun eta auzokide. Txalapartaren ttakun doinuen artean hartu zuten Rodrigo, ondoren aurreskua dantzatzeko. Itzubaltzetako Bertso Eskolako kideek berriz, segidilla eta bertsoak (mp3) kantatu zizkioten. Jendeak besarkatuta ia mugitzeko aukerarik ez zuela eta nabarmen hunkituta, hitz gabe gelditu zen Rodrigo, aurrean zituen lagunei beren maitasun adierazpenengatik eskerrak eman ziela. Azkenean, bere argazkia kendu eta xanpainez ospatu zuten gertaera. Bestalde, Rodrigo hurrengo egunotan, litekeena da astelehenean izatea, Astrabuduako Egoki tabernatik igaroko da bertan duen argazkia batzeko.

Aipatzekoa da D3Mren aurkako operazioan kaleratuko zituzteneko albistea herenegun arratsaldean zabaldu bazen ere, Rodrigo ez zuela ezer jakin atzora arte. Izan ere, 13:00ak aldera komunikatu zion kaleratze agindua agente judizial batek. Aske uzteko autoan azpimarratutako argudioak Rodrigo gizartean erabat errotuta dagoela eta alderdia disolbatu dutenez berriz delitua egiteko aukerarik ez duela izan ziren.

Eli Zubiaga 23:00etan heldu zen Algortara

Bestalde, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengaben jakinarazi duenez, atzo 23:00etan iritsi zen Eli Zubiaga Algortara eta harrera beroa egin zioten Amnistia tabernan bere zain bildutako 80 lagun inguruk. Zubiagaren etxekoek fidantza goizeko 10:00etan ordaindu eta 14:00etan irten zen kalera Kordobako espetxetik. Bertara joandako lagun eta etxekoekin bildu bezain pronto abiatu ziren Euskal Herrira. Algortara iritsi zenean, txapliguen hotsen artean, lagunak besarkatu eta harrera hunkigarria egin zioten. Loreak eskaini, bertsoak kantatu eta amnistiaren aldeko mugimenduaren eta bertan zeuden guztien izenean agurtu eta ongi etorria eman ostean, Elik berak hartu zuen hitza bertan bildutakoei eskerrak emateko. Esan zuen kartzelan izan den denboran beretzat ohore bat izan dela Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide izatea, nabarmendu zuen kartzelara sartzean kolektiboko presoek eman dioten laguntza eta maitasuna, eta berarekin Kordobako espetxean zeuden lagunak gogoratu zituen. Horren ostean tabernan jarrita zeukan argazkia kendu eta brindisa egin zen Euskal Herriaren askatasunaren alde.

Urkaregiri 20:00etan egin zioten harrera

Azkenik, Branka.biz Bilboaldeko komunikabide digitalak zabaldu duenez, harrera beroa egin zioten atzo iluntzean Arantza Urkaregiri Bilboko Zazpi Kaleetako auzokideek. Iluntzeko 8:00etan hurbildu zen Errondabide kultur elkartera eta itxaroten zeuden ehun bat lagun eta senideek "Euskal Presoak Etxera!" eta "Amnistiarik gabe bakerik ez!" oihukatuz lehenengo ongi etorri beroa egin zioten. Ondoren, Urkaregik bere argazkia kendu zuen. Horrekin batera preso eta iheslarien aldeko brindisa egin zuten. Askatu berriak "barruan geratutako kideak" gogoratu zituen lehenbizi han bildutako denei eskerrak ematearekin batera.

AAMren balorazioa

Bere aldetik, AAMk "pozez" hartu du zortzi euskal preso politiko horien kaleratzea eta herritarrei dei egin die kaleratu berriei egingo zaizkien harrera eta Ongi Etorrietan parte hartzeko: "une hauetan gogora ekarri nahi dugu oraindik orain espainiar estatuko espetxeetan ugari direla lan politikoa egin izanagatik preso dauden euskal herritarrak. Espainiar estatuan lan politikoa espetxearekin ordaindu daiteke, eta zortzi hauen kasua da horren adibide argiena. Hauteskundeetan parte hartu nahi izanagatik atxilotu, espetxeratu eta ehunaka kilometrotara sakabanatuak izan dituzte. Besterik gabe, errepresioaren aurkako lanean jarraitzeko deia luzatzen diegu herritarrei".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun