Bilgune Feministaren ustez, hezkuntza jorratu behar da hezkidetza landuz, baina prebentzioa ere landu behar da. "Berdintasunaren belaunaldia garela esaten dute, baina 17 urteko mutilak ere badira gaur egun nesken aurka bortxakeria erabiliz", salatu dutenez. Euren hitzetan, komunikabideek ere pisu handia daukate, baina "prebentzioa da garrantzitsuena". "Milaka mekanismo aktibatu daitezke", azpimarratu dutenez.
Izaskun Jimenezen erailketa dela eta, Bilgune Feministaren irakurketa:
Denon ardura da indarkeria sexistarekin amaitzea!
Euskal Herriko Bilgune Feministak gogorki salatu nahi du aste honetan Gernikan jazotako erailketa. Emakumeon kontrako indarkeria sexuen arteko hierarkian oinarritutako sistema sozialaren beste adierazgarri bat da. Beraz, sistema sozialean aldaketa sakonak egin eta honek dakartzan sexuen arteko desberdintasunekin amaitu ezean erailketak egoten jarraituko dute.
Lan honetan instituzioek ardura handia dute, momentuz era integralean betetzen ari ez diren ardura. Baina herritarrok ere, emakume eta gizonek, eginbehar handia dugu gure egunerokotasunean honekin amaitzeko, harreman parekideak eraikitzeko.
Horregatik, Emakumeen Mundu Martxako Plataformak deitutako kontzentrazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu guztiei.
Denon ardura da indarkeria sexistarekin amaitzea!
Salatu dezagun kalean Izaskun Jimenezen erailketa!
Bihar, ostirala 27, 19:30ean kontzentrazioa Telletxen.
Euskal Herriko Bilgune Feminista:
http://www.bilgunefeminista.org