Antonio Basagoiti jaunari adeitasunez: adierazi berri duzunez, EiTBko tertulietatik terroristak kanporatzeko asmoa duzu, eta xedea arras zaila denez (edonon baitaude infiltraturik), joan mendean erabili ziren metodoak erabiltzeko gomendatzen dizut. Alemanian, esaterako, begi-kolpe batez antzematen zuten norekin ari ziren hizketan, paparrean josirik zeramaten sinboloari begiratze hutsarekin. Garaiak eta zirkunstantziak aldatu dira eta, hortaz, komenigarria litzateke sinbolook gaurkotzea. Daviden "izar horia"ren ordez, Herri Batasunekoak eta enparauak identifikatzeko "arrano beltza" josarazi zeniezaieke paparrean. Baina argitze aldera, eta D3Mren boto-emaile guztiak buruzagiak ez direnez (buruzagi lar), honelako sinboloak erabiltzeko gomenda daiteke: AHTko kideei eta ekologistei "ortzadarra" josarazi berokian eta preso ohiei, "sugea eta aizkora".
Gainontzekoentzat sinbolo tradizionalak erabil litezke berdin-berdin: homosexualei eta lesbianei, "triangelu arrosa" josarazi; etorkinei, "triangelu urdina"; ijitoei, "triangelu marroia"; antikristauei (abortistak esaterako), "triangelu morea"; komunistei eta sindikalistei, "triangelu gorria" eta, azkenik, asozial guztiei (intelektualak, mozkortiak, bakezaleak eta prostitutak besteak beste), "triangelu beltza", 1930-40 hamarkadan bezalaxe.
Bestalde, komenigarria da EiTBko saioetara zein subjektu gonbida litekeen identifikatzea: aliatuek "ukabila eta arrosa" eramango lukete josita paparrean, eta alderdikideek "uztarria eta geziak", Errege Katolikoek asmatu eta Jose Antoniok koloratu zuen bezalaxe, sinbolo gorria atzealde beltzaren gainean.
Ez horregatik.
Laura Mintegi idazle algortarrak atzo "Gara" egunkarian argitaratutako artikulua
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.