“Teknologia berrien erabilpena sozializatzea da proiektu honen helburua. Egitasmoarekin Udala Wifi sarea udalerriko toki estrategikoetara hedatzeko oinarriak ipintzen ari da, toki zabaletara zein leku itxietara, herritarren zerbitzuetarako eta zerbitzu korporatiboetarako”, azaldu du Imanol Landa alkateak. Izan ere, "garrantzizkotzat" jotzen dute aipatu egitasmoa aurrera eramatea, "jakin badakigulako, udalerrian Interneten erabilpen maila oso handia dagoela". Udal agintariak nabarmendu duenez, "urrats hori ematea ezinbestekotzat jotzen genuen eta, hasieran, neurri handi batean gazteek bisitatzen dituzten tokietatik hasi gara ipintzen".
Erabilpena
Udal web gunean edo beste herri administrazioen atarietan sartzeko ez zaio erabiltzaileari identifikatzea eskatuko. Bestalde, edukiak direla eta, web gune zehatz batzuetan ezin izango dira sartu. “Momentuz erabilpenaren denbora-mugarik ez da izango, zerbitzua nola doan ikusi arte eta toki bakoitzean aldi berean 20 lagunek erabili ahal izango dute konexioa”, azaldu du Kepa Miñanbres Informatika zinegotziak.
Sarrera-ataria euskaraz, espainolez eta ingelesez dago. Erabiltzaileek kontsultak egiteko eguneko 24 orduko telefono zenbakia izango da indarrean. Hori ere euskaraz, espainolez eta ingelesez.