Martxan dira Getxoko sei udal eraikinetako Wifi guneak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 15a, 18:12

Gaurtik aurrera, Internetera kablerik gabe konektatzeko aukera dago Getxo udalerriko sei eraikin publikotan. Wifi guneak ondoko udal egoitzetan jarriko dituzte: Algortan, San Nikolas plazako liburutegian, Villamonteko kultur etxean, liburutegian zein erabilera anitzeko aretoetan, eta Fadura kiroldegiko ikasketa gunean; Itzubaltzeta / Romon, Gobela kiroldegian jarriko duten liburutegian; Areetan, Andres Isasi Musika Eskolako liburutegian; eta Negurin, udaletxeko batzar aretoan. Udal iturriek zehaztu dutenez, aipatu zerbitzua ez da Itzubaltzetako Santa Eugenia plazako eta Areetako liburutegietan jarriko tokiko erakundeak eraikin horiek zaharberritzea aurreikusita daukalako. Erabiltzaileek dohainik nabigatu ahal izango dute, aurretik pasahitza eskatuz gero. Hori ere, Internet bidez egin ahal izango da. Proiektuaren aurrekontua, berriz, 40.000 eurokoa da. Espainiako Gobernuak onartutako tokiko erakundeei laguntzeko funtsetik atera dute diru hori. Argazkian, Imanol Landa alkatea ordenagailu eramangarri baten aurrean / Ilanda.eu.

“Teknologia berrien erabilpena sozializatzea da proiektu honen helburua. Egitasmoarekin Udala Wifi sarea udalerriko toki estrategikoetara hedatzeko oinarriak ipintzen ari da, toki zabaletara zein leku itxietara, herritarren zerbitzuetarako eta zerbitzu korporatiboetarako”, azaldu du Imanol Landa alkateak. Izan ere, "garrantzizkotzat" jotzen dute aipatu egitasmoa aurrera eramatea, "jakin badakigulako, udalerrian Interneten erabilpen maila oso handia dagoela". Udal agintariak nabarmendu duenez, "urrats hori ematea ezinbestekotzat jotzen genuen eta, hasieran, neurri handi batean gazteek bisitatzen dituzten tokietatik hasi gara ipintzen".

Erabilpena

Udal web gunean edo beste herri administrazioen atarietan sartzeko ez zaio erabiltzaileari identifikatzea eskatuko. Bestalde, edukiak direla eta, web gune zehatz batzuetan ezin izango dira sartu. Momentuz erabilpenaren denbora-mugarik ez da izango, zerbitzua nola doan ikusi arte eta toki bakoitzean aldi berean 20 lagunek erabili ahal izango dute konexioa.
Sarrera-ataria euskaraz, espainolez eta ingelesez dago. Erabiltzaileek kontsultak egiteko eguneko 24 orduko telefono zenbakia izango da indarrean. Hori ere euskaraz, espainolez eta ingelesez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun