Gaur abiatuko da Areetan “Neguko bidaia” kontzertu-hitzaldien zikloa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 27a, 14:49

Areetako Andres Isasi Udal Musika Eskolak kontzertu-hitzaldien zikloa antolatu du. Lehenengo edizioa gaur bertan eta apirilaren 3an eta 4an egingo da. "Musikaren mundutik ibilbide anitza eta aberatsa izango duen neguko jaialdi gisa finkatu nahi da", tokiko kultur iturriek aipatu dutenez. Zikloaren izena “Neguko bidaia” da eta Franz Schuberten “Winterreise” abesti zikloaz osatuta dago, musikagile honen omenez. Errezitaldiek ordu beteko iraupena izango dute, gutxi gora behera. Sesio bakoitza hasi baino lehen aurkezpena egingo da eta bukatzerakoan hitzaldia izango da. Azken honetan, publikoak bere iritzia eman ahalko du eta nahi dituen galderak egin ahal izango ditu. Kontzertuak musika eskolaren auditorioan egingo dira, 20:00etan, eta sarrera 4 eurokoa izango da. Gaurko emanaldia Musikene flauta taldeak eskainiko du. Argazkian, Andres Isasi musika eskolan izango dira emanaldiak.

Musikene flauta taldea 2005ean sortu zen, Musikene, Euskal Herriko Goi-Mailako musika ikastegiko Mario Clavell Larrinagaren eskutik. Apirilaren 3an, ostiralean, Felix Goñik eskainiko du emanaldia, Aurelio Viribay pianistarekin batera. Azkenik, apirilaren 4an, larunbata, Isabel Soto flautista izango da, Maider Bilbao pianistarekin batera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun