Bestalde, aho batez, eraikinetako beheko solairuetako lokalak etxebizitza bihurtzeko eta, herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko asmoz, erabilera publikoko espazioetan terrazak eta barrak ipintzeko ordenantzetan sartutako neurri berriak onartu dituzte. Halaber, PPk mozio bidez proposatuta, TAO araupetzen duen ordenantza aldatzea aztertuko dute, "udalerriko behar berrietara egokitzeko". Proposamena EAJ eta EB-Berdeek babestu dute. PSE-EEk, aldiz, aurka bozkatu du.
2008ko aurrekontuaren likidazioa
Ekonomia arloko gaietan, 2008ko aurrekontu orokorraren likidazioaren berri eman da. Ogasun Saileko zinegotzi Aitor Soloetak adierazi du 2007ko hasiera bateko aurrekontua 97 milioi eurokoa izan zela. Halere, 2008ko urtea 114 milioi euroko lan kontratazio eta zerbitzuekin hasi zen eta horietatik 109 milioi esleitu ziren. Hori, aurreko urteetako soberakinei esker eta Udalak zorrik ez zuelako egin ahal izan zen. “Soberakinei esker krisialdietan lasaiago egon gaitezke, herritarrei zergak murriztu ahal diegu, eta halaxe egin dugu...”, aipatu du Soloetak. Ogasun zinegotziak esan du, behin, 2008ko aurrekontuaren likidazioa eginda, "24 milioi euro" geratzen direla "nahi den bezala erabiltzeko".
Terrorismoaren biktimen aldeko omenaldia
Horretaz gain, herenegun aurreratu bezala, aho batez onartu dute urtero "terrorismoaren biktimei" omenaldia egitea. Horren harira, ornamenturako elementuren bat ezarriko da udalerriko toki esanguratsu eta publikoren batean. ETAk Getxo udalerrian egindako atentatuetan edo getxoztarrak izanik herritik kanpo hildako 15 pertsonez osaturiko zerrendarekin lanean ari dira udal agintariak. Horretaz gain, astelehen honetan 24 urte, GALek Donibane Lohizunen erail zuen Xabier Galdeano algortarra omentzeko asmoa daukate.