Algortako Torrene kalean dagoen azokako merkatariek euren lokaletako gune bat utzi diote Udalari Getxo Antzoki berriaren proiektuaren maketa eta irudiak ikusgai ipini ahal izateko. Erakusketa, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da. Eta larunbatetan goizez bakarrik. Getxo Antzoki berriari dagokionez, bata bestearen ondoan egongo diren bi blokek osatuko dute. Oinarrizkoena, Telefonicak duen eraikinera egongo da erantsita. Horrek 700 lagunentzako auditorioa hartuko du. Bigarren blokean, Etxeandia Gotzaina kalean, musika eskola kokatuko dute. San Nikolas plaza azpian, berriz, parkinga egingo dute, bertan bizi direnei eta antzokiari berari zerbitzu emango diona. Andres Cortina kalean izango du sarrera horrek. Inguruetan beste aparkaleku birakari bat egingo da, eta plazan egingo diren obrek "ez dute asko eraldatuko gaur egun duen itxura", udal iturrien arabera. "Halaber, jendea biltzeko leku gisa indarra hartuko du, sarbideak hobetuko ditu eta muga arkitektonikoak gaindituko ditu", gaineratu dutenez. Argazkian, Getxo Antzoki berriaren maketa.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.