Azkenaldiko sexu erasoak arbuiatu ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 27a, 19:31

Getxoko Udalaren Berdintasun Zerbitzuak hainbat emakume getxoztarrek hilabete honetan jasandako indarkeria eta sexu erasoak arbuiatu ditu. “Indarkeria sexista emakumeek oinarrizko askatasunez disfrutatzea galarazten duen giza eskubideen bortxaketa larria da", Keltse Eiguren zinegotziak salatu duenez. Tokiko erakundeak aitortu duenez, "indarkeri mota horren jatorria emakumeek bizitzaren arlo desberdinetan jasaten duten ezberdintasun egoera estrukturalean oinarritzen da". "Emakumeenganako indarkeria ez da emakumeek duten arazoa, baizik eta kultura maskulino-patriarkaletik datorren emakumezko eta gizonezkoen arteko desberdintasunaren adierazgarririk nagusiena", gaineratu dutenez. Besteak beste, iragan ostiralean, 23 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak, Getxoko adingabeko neska batekin Internet bidez geratu eta sexu erasoa egitea egotzita. Polizia autonomikoak beste bi kasu ikertu ditu, non 11 eta 13 urteko bi neska sarean ezezagunekin harremanetan jarri eta, ondoren, aurrez aurre ikusteko geratu ziren. Bestalde, Getxoko udaltzainek 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuten martxoaren 11n Algortan, familiartekoekin indarkeria erabiltzea eta emazteari mehatxuak egitea egotzita. Argazkian, emakumeenganako indarkeriaren aurka Bilgune Feministak Algortan egindako elkarretaratzea.

Azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna zela-eta, urriko osoko bilkuran adostutako agiri instituzionalean jasotako konpromisoa berretsi du Getxoko Udalak. “Gizartearen izurri horren kontra lan egiteko konpromisoa hartu genuen, gure eskumenen arloaren barruan eta indarrean dagoen legediari jarraituz, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren kontrako udal politika aktiboa, osoa eta koordinatua aurrera eramaten”, nabarmendu du Imanol Landa alkateak.

Laguntza

Aldi berean, udal arduradunek udalerriko bizilagun guztiei eskatu diete indarkeri mota horren kontra agertzeko eta biktimek behar duten laguntza guztia emateko. Azkenik, arrisku egoeran bizi diren emakumeei gogoratu die Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo dezaketela (944 660 101), han aholkularitza juridikoko zerbitzua eta arreta psikologikoa lortuko baitituzte. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Telefono Arreta Zerbitzura (900 840 111), Udaltzaingora (944 660 202), Ertzaintzara (944 063 420) edo SOS Deiak larrialdietako zerbitzura, 112 zenbakira ere dei dezakete.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun