ETAk hildako 15 pertsonekin batera, GALek eraildako
Xabier Galdeano omentzeko asmoa "iraingarritzat" jo du
Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. “Konponbide baten beharraren ikuspegitik, kontua ez da egindako zerrendan Pagaza, Beltza, Txikia, Zulu eta Aitor Elortza ez sartzea, kontua ez da frankismoak eta sasi-demokrazia espainolak hildako guztiak ez sartzea, kontua da Xabier hil zutenek eta Xabierren hilketarekin kolaboratu zutenek, orain Xabier erabili nahi dutela Euskal Herriak jasaten duen zapalketa eta salbuespen egoera zuritu eta oraingo estatus politikoa mantentzeko, hau da, Xabier hiltzeko izan zituzten helburuak berak dituela Getxoko Udalaren ekimen honek. Ekimen hau gerra zikinaren luzapena besterik ez da”, adierazi zuten errepresioaren kontrako erakundeko kideek, Galdeanori ostiralean egindako omenaldian. Bertan izan ziren etxekoek adierazi zuten tokiko erakundeak ez diela ezer jakinarazi eta ez direla beraiekin harremanetan jarri. "Xabier hil zutenean Udalak ez zuen ahorik zabaldu ere egin eta 24 urte hauetan ez du ezer egin horren gainean", salatu zutenez. Beraientzat biktima guztiak batera omentzeak "inoiz zentzua izatekotan gatazka konpondu eta gero" izan dezake, "baina Udalaren ekimen honen asmoa ez da ez konponketarik, ez adiskidetzarik bultzatzea, itxura egin nahi dute besterik gabe, dena dagoen bezala jarraitu dadin". Bere senidearen "izena erabiltzearen guztiz kontra" agertu ziren Galdeanoren etxekoek. Argazkian, Galdeanoren argazkia ikurrinez inguratuta ostiralean / Etengabe.