Milagros Salazarren erailketa salatuko dute gaur Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 30a, 18:20

Joan den ostiralean, martxoak 27, hainbat herritar bildu zen iluntzean, Algortako Telletxe plazan, Izaskun Jimenezen erailketa salatzeko. Ustez bere senarrak erail zuen Gernika-Lumon astelehen gauean 44 urteko emakumea. Bada, atzo, horrelako beste gertaeraren berri eman zuten hedabideek. Pasa den astelehenean Milagros Salazar Ramirez 38 urteko emakumea hil zen Gasteizko Txagorritxu ospitalean. Osasun zerbitzuek Gasteizko parke batean lurrean aurkitu zuten oso larri eta bihotzekoak jota. Hala ere, hil baino bi egun lehenago, larunbatean, bere gizonak ustez eraso egin ziola jakinarazi dute. Oraindik, ez dute argitu heriotza eraso horrengatik edota beste osasun arrazoi batzuengatik gertatu den. Emakumeen Mundu Martxako plataformak Salazarren heriotza emakumeen aurkako indarkeri kasu bezala hartu du. Horregatik, gaur elkarretaratzeak egingo dituzte Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. Besteak beste, Algortan, 19:30ean jarri dute hitzordua, Telletxe plazan. Gertaerak konfirmatzen badira, dagoeneko bi lirateke Euskal Herrian aurten euren bikotekideek hildako emakumeak. Argazkian, Izaskun Jimenezen erailketa salatzeko elkarretaratzea, ostiralean, Algortan.

Milagros Salazarrek eta honen hiru seme-alabek, 2, 10 eta 13 urtekoak, hilabeteak zeramaten ustezko erasotzailearengatik ihesean. Gizarte laguntzari esker Bilboko Salburua auzoko etxebizitza batean bizi ziren. Hala ere, pasa den larunbatean senarra etxebizitza horretara joan zen eta ustez senitartekoak jipoitu zituen. 10 urteko semeak ihes egitea lortu zuen eta gertaeren berri tabernari bati eman zion.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun