“Elebitasunaren” diskurtsoaren pean
Bestalde, merkataritzan, borondate hutsezko neurriak baino ezin ditu hartu Udalak, Iturbe zinegotziak onartu zuenez Eusko Jaurlaritzako dekretua “hemen ia ez da igarriko” eta. Badaezpada, 600.000 euroko Valora proiektuaren ikastaroak espainolez ematen dituzte. Baina hori ez da salbuespena: iaz emakumeentzako 17 ikastaroetatik bakarra egin zen euskaraz; gazte ikastaroetan, euskara inoiz ez da %25etik igaro; Haur Zineman %33 baino gutxiago; Getxolandian umeekin lan egiten dutenei ez zaie euskaraz jakitea eskatu... Gainera, emandako hitzak ere jan egin ditu EAJk. 2002ko planean kaleak euskaraz jartzea agindu zuen, EA, ezker abertzalea eta PPren babesarekin. Hiru kale berri euskaraz jarrita, Iturbek dagoeneko Udalbatzan esan du ez dutela hizkuntz paisaia euskaldunduko. Hots, “elebitasuna” aitzakia dela ez dago Getxo euskaldunerantz pausuak emateko borondaterik eta hizkuntza inposatua garaile ateratzen da.
Honek badu konponbidea
Esandakoak esanda, hizkuntza politika zuzentzea badago:
- Erakunde ordenamendua aldatuz udal jardueran euskarak zeharkako presentzia eta kudeaketa izateko.
- Benetako euskara batzordea sortuz, non, egungo bazterkeria alde batera utzita, euskalgintzako eragile guztiek eta ordezkari politikoek zein jendarte mailakoek, era parte hartzailean, Ordenantza eta Euskara Plan egokiak diseinatu eta horietatik eratortzen diren aurrekontuen jarraipena egingo duten.
- Euskararen Ordenantzak eratu, tokiko euskaldunoi tokiko berme legala emateko, eta hizkuntza eskubideak errespetarazteko. II EBPNk ez ditu aintzat hartzen.
- Euskararen politika aktiboetarako aurrekontuaren %2 bideratuz.
Hautua egiteko garaia
Baina, ez gaitezen erakundeengan itsutu. Bertako euskaldunok eta komunitate euskalduna lo jarraitzen badugu nekez lortuko dugu funtsezko aurrerapausorik. Garaia da konturatzeko hemen bizi dugun hizkuntza gatazkan senide, lagun, ezagun, bezero eta abarrekin ditugun harremanetan edota gure aisialdirako baliabideetan espainola dela gutxika-gutxika gure euskalduntasuna txikitu eta espainol bihurtzen gaituena. Orain dela 809 urteko okupazioarekin hasitako asimilazio prozesua indartu ala gelditzea bakoitzaren eta, batez ere, komunitate euskaldunaren esku dago. Hartu erabakia: izan euskaldun, jokatu euskaldun gisa. Horretarako gainera, aitzakia ederra duzu ostiral honetan, Korrikarekin batera ttipi ttapa jarduteko eta hortik aurrera euskara ulertzen duen edonorekin euskaraz moldatzeko. Euskara ikasi, erabili eta defendatu!
Getxo udalerriko Euskal Herrian Euskaraz