Gaurko prentsaurrekoan zabaldutako oharra:
ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek Euskal Herrian greba orokorra egiteko deia zabaldu dute eta beste gizarte-mugimenduen atxikimendua ere lortzeko ahaleginak egingo dituzte.
Greba egunaren puntu nagusiak: enplegu-suntsiketa, patronalaren xantaia, gizarte eta aurrekontu politikarik eza eta krisiari aurre egiteko Euskal Herri mailako tresnak.
Euskal gizarte osoari deitzen zaio
ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek euskal gehiengo sindikala osatzen dute, eta maiatzaren 21ean Hego Euskal Herrian greba orokorra egitea erabaki dute. Antolatzaileen ustez, lan munduak erabateko erantzuna eman behar dio krisiari, langileak baitira biktima nagusiak, egoera sozial eta ekonomiko horren sortzailean izan gabe.
Greba egunean, gainera, elkartasunezko mobilizazio zabal bat bultzatu behar da, lehenik lanpostua galdu duten langileei edota sekulan izan ez dutenei gure elkartasuna adierazteko. Bigarrenik, patronal desberdinen eraginez eta administrazio publikoen ordainezinezko laguntzaz, eskubideak urratuak, lan baldintza okerragoak eta laneratzea zailagoa dituzten langileei gure sostengua eskaintzeko. Greba egunean, azken batean, langileak kontuan hartzen ez dituen sistema ekonomiko eta soziala salatuko dugu.
Gainera, gizarte osoa ari da jasaten krisiaren ondorioak; horregatik, eman beharreko erantzunean gizartearen talde guztiek parte hartu behar dutelakoan gaude.
Aurre egin enplegu-suntsiketari eta patronalaren xantaiari
Enpresariek eta administrazio publikoek krisi-garaian hartu izan dituzten erabakien eraginez enplegua neurriz gainezka galdu da. Eta iaz langabeziara joandakoen erdiak behin-behineko langileak izan dira, ez baitzaie berritu kontratua. Langabe berrietan hirutik baten arrazoia enpresatik kaleratzea izan da. Eta %4k erregulazio-espediente bidez galdu dute lanpostua. Horrelako egoerak etekinak dituzten enpresetan ere gertatu dira.
Gainera, lan harremanen ereduan gero eta desoreka handiagoa bultzatu da, beti ere patronalaren mesedetan. Eragozpen objektibo guztien gainetik, patronala krisiaz baliatu da, eta plantillen egituretan doikuntza zorrotza egin gura dute, etekinak orain eta gero ziurtatzearren. Horrela, doikuntza horren ondorioz, plantillak txikiagoak izango dira, atomizatuagoak eta babesgabeagoak, non aldi baterako kontratuak eta azpikontratazioak ugalduko diren. Era berean, Aldi Baterako Laneko Enpresen zeregina areagotuko da, malgutasunezko neurri sorta zabalarekin batera.
Bestalde, patronala indarra egiten ari da politika arloan langileen kaleratzea merkatzeko, Gizarte Segurantzaren kotizazioak beheratzeko, enpresarien aldeko diru-laguntzak handitzeko eta Administrazioak zeresanik ez izateko EEEak (ERE) onartzeko orduan.
Azkenik, enpresariak xantaiaz eta ziurgabetasunaz baliatzen dira hitzarmenak negoziatzean, krisiaren errua soldata-mailari leporatuz eta enplegua bere hartan mantentzeko halabeharrezko baldintza soldaten neurritasuna dela sinestaraziz. Onartezinezko mehatxu hori langileria kikiltzeko eta diziplinatzeko baliabidea da, beti ere dituzten pribilegioak iraunarazteko eta etekinak areagotzeko.
Politika publikoak aldarazi
Grebaren jomuga ere bada gobernuen eta herri-erakundeen jokabidea salatzea. EAEko eta Nafarroako administrazio publikoek eraman izan duten politika arras liberala izan da, kapitalaren eta enpresarien interesen mesedetan eta egoera ahuleko taldeen beharrizanen eta lehentasunen kaltetan (fiskalitatea errenta altuen mesedetan, zergak jaitsi, zerga-iruzurrarekin ez ikusiarena egin... eta gastu sozialen murrizketa, zerbitzu publikoen indartzeari uko eginez). Hego Euskal Herria Europako azken postuetan dago, presio fiskalari eta gizarte gastuari dagokionez. Eta hemengo gobernuek eta aldundiek superabitaz itxi dituzte ekitaldiak azken urteetan. Aldi berean, milaka herritarrek ez dituzte ezta oinarrizko beharrizanak ere eta gero eta zorpetuago daude. Era berean, garraioan nahiz sektore primarioan garatzen ari diren politika publikoak jarduera horietan diharduten pertsonen kopurua gutxitzea dakar eta jarduera horien mantentzea bera arrisku bizian jarri ere.
Estatuko esparrutik lan merkatua, hein handi batean, araugabetu da -kontratuak prekarizatuz, malgutasuna handituz, kaleratzeak merkatuz- eta gainera, gizarte-kotizazioak eta prestazioak murriztu dira etengabe. Horren ondorioz, langileen babesgabetasuna itzela da, bai jarduneko langileena, bai langabeena. Azken horietako askok eta askok ez dute prestaziorik, ezta diru-laguntzarik jasotzen.
Horrekin batera, Zapateroren Gobernuak krisiaren kontra atera dituen neurriak, funtsean, diru-sailak bankari ematean dautza. Hori horrela, denonak diren baliabide horiek ez doaz gehien behar dituzten eskuetara: familiak eta enpresak.
Krisiaz aritzen garenean, auzitan jartzen duguna eredu ekonomiko-soziala da, nagusitu den eredu ekonomikoak ekarri baikaitu oraingo egoerara. Krisia bideratzen arduratzen direnek sostengua eta adostasuna eskatzen dizkigute langileoi, baina eredua errepikatzea eta iraunaraztea besterik ez dute buruan, eredua ez dute inola zalantzan jartzen, ez dute bestelako aukerarik bilatzen, berriro islatzea baizik. Baina benetako arazo sozial eta ekonomikoei aurre egin nahi badiegu, eredua bera aldatu beharko dugu.
Gai ekonomiko eta sozialei heltzeko orduan ez badugu erabakitzeko ahalmenik, oraingo eredua nagusituko da berriz, eta horrekin batera enpresari bakan batzuen interesak, langile jendearen aurretik. Horregatik, irmo eskatzen dugu politika ekonomiko, sozial eta laboralak Euskal Herrian erabaki daitezela, beti ere langileen interesen zerbitzura.
ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta HIRU