Getxoko Udalak eta UK aldizkaria argitaratzen duen Boluntzarreta Euskara Bultzatzeko Elkarteak euren artean sinatuta zeukaten hitzarmena beste hiru urtetarako berritu dute, 2011ko abenduaren 31ra arte alegia. Horren arabera, agerkariak iaz beste diru, 60.101 euro, jaso du aurten finantzaketa-gastuei aurre egiteko. Boluntzarreta elkarteak bere aldetik, Getxo udalerriari emango dio lehentasuna ale guztietan. UK Uribe Kosta eskualdeko aldizkaria da. Hamabostean behin banatzen da Erandio, Leioa, Getxo, Berango, Sopela, Urduliz, Barrika, Plentzia, Gorliz eta Lemoiz udalerrietan. Bere garaian udalerri getxoztarrerako bakarrik egiten zen "Bizarra Lepoan" hilabetekariaren oinordekoa da. Gaur egun, 4.000 aleko batezbesteko tirada dauka eta dohainik da; eskualdeko 2.900 etxetara bidaltzen da postaz eta jasotzeko harpidetza egitea baino ez da behar. Horretaz gain, euskaltegietan, udal liburutegietan, kultur etxeetan, kiroldegietan eta ikastetxeetan banatzen da. Aldizkariak aurtengorako dituen proiektuen artean, agenda elektronikoa martxan jartzea, "Akordaten naz" izenburuko dokumentala azpititulatzea eta horren bigarren atala egitea daude; baita 13 urtetan kaleratutako aldizkarien digitalizazioa amaitzea ere. Argazkian, UK aldizkariko lantaldea abenduaren 4an ospatutako 10. urteurrenean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!