Edanda gidatzea leporatuta lau lagun atxilotu ditu azken astean Getxoko Udaltzaingoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 1a, 20:05

Martxoko azken astean egindako alkoholemia kontroletan positibo eman duten 12 lagunetatik 4 atxilotu egin ditu Getxoko Udaltzaingoak. Tokiko poliziak egindako ikerketaren arabera, eta jasotako emaitzak aztertuta, ondorio legez esan leike “pertsona batzuk daudela, gazteak eta ez hain gazteak direnak, alkohola edan eta gero autoa hartzen dutenak jokaera horrek duen arriskuaz arduratu gabe”, Kepa Miñambres Udaltzaingoaren buru den zinegotziak adierazi duenez. Positiboen erdia baino gehiago Getxo udalerrian bizi ez eta herri honetara parranda egitera datozen pertsonak direla zehaztu du udal arduradunak. Honen harira, nabarmendu du garraiobide publikoak erabiltzerako orduan aukera handiak eskaintzen dituen udalerria dela Getxo, “metroa zein autobusa hartzeko edota taxiek eskaintzen duten zerbitzu aparta eta zabala erabiltzerakoan". Miñanbresen hitzetan, "ez dago autoa hartu beharrik kopak hartzera joateko”. Argazkian, Getxoko Udaltzaingoak egindako alkoholemia proba.

Gogoratu, bestalde, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik atxilotzen dituzten pertsonak 18 bat hilabetez motordun ibilgailua gidatzeko debekuarekin eta 1.800 euroko isunarekin zigortzen dituztela. Datu hauek argitaratuz, polizi buruek pertsona guztiek ardura har dezaten nahi dute “parranda egiterako orduan alkohola eta kotxea ezin direla eskutik helduta joan”, aipatu dutenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun